Gudari Eguna iraganeko kontua bilakatu da batzuentzat. Estatua bere errelatoaren
inposizioaren gudan sakontzen doan heinean, jada ez da nahikoa gudarien borroka
lehenik alde batera utzi, gero arbuiatu eta, bukatzeko, iraganeko kontua bailitzan hau
ahanzturara kondenatzearekin. Baina gauza da Euskal Herri Langilearen historia borrokaz
idatzia dela, borrokan erdietsitako lorpen eta porroten bitartez idatzia, alegia.
Horregatik, guk ez dugu ahazten, eta ez gaude ahazteko prest. Ez dugu ahazten, Euskal
Herriko langile klasea azpiratuta mantentzeko, herri honen sufrikarioa hamarkadetan
zehar kudeatu duten frankismotik eratorritako instituzioek, egun oraindik bere horretan
dirautela. Ez dugu ahazten, Euskal Herria sistematikoki kolpatu duten horiek, gure kaleak
izuz eta biolentziaz bete dituzten horiek, atxiloketen, torturen, erailketen erantzule diren
txakurrak, oraindik ere Euskal Herriko kaleetan lasai asko dabiltzala, euren jarduera
jazarlearekin jarraituz. Sistema kapitalistan poliziaren funtzioa, izatea eta papera
egiturazkoa izanda argia bada ere, ukaezina baita Euskal Herria jazartzeari begira euren
jardueraren motibazio politiko eta ideologikoa. Euskal Herriaren ukazioa oinarri, espainiar
eta frantziar estatuek herri hau asimilatzeko helburuarekin aurrera eramandako
estrategiari jarraitzen dion papera jokatzen baitute txakurrek.
Halaber, ezin dugu ahaztu urtetik urtera burgesek langileon kontura gure odola xurgatuz
ateratzen dituzten etekinek ere handituz jarraitzen dutela, Euskal Herri Langileabizirauteko lan egitera behartuta egonda, miseria eta azpirazioa besterik eskaintzen ez
dion etorkizunera kondenatuta dagoen bitartean.
Gauzak horrela, oso presente dugu ez dela adiskidetzearen sasoia. Langileon lepora hau
sumituta mantentzeko eskura dituzten tresna oro baliatzen dituzten horiekiko, azken
finean langileok euren mozkinak erdiesteko merkantzia gisa soilik hartzen gaituzten horiekiko ez baita elkar-ulertzerik eta, are gutxiago, adiskidetzerik egongo. Euskal Herriak
bizi duen egoera, Euskal Herriak pairatzen duen nazio zein klase zapalkuntza klase
gatazkaren isla argia denez gero, langile klaseak jazarria jarraitzen duen bitartean, Euskal
Herriko langileon naziotasuna ukatua den bitartean, bidegabekeriari aurre egiteagatik
militantzia politikoa jazarria den bitartean, Euskal Herriak pairatzen duen gatazkak bere
horretan iraungo baitu.
Eta argi izan ez dugula estatuek inposatu nahi diguten errealitatea, euren sistema sostengatu eta aldi berean gu azpiratuta mantentzen gaituen legalitatea eta, are gutxiago,
euren errelatoa onartuko, ezta honen aurrean inolaz ere men egingo. Langileon eta
burgesiaren lengoaia kontrajarriak izatera kondenatuta baitaude. Izan ere, burgesia
bakeaz ari denean, bere posizioa eta nagusitasuna auzitan jartzen ez duen egoeraz ari da.
Hau da, langileok morrontzara murrizten gaituen bakea da burgesiarena. Langileon
bakea, berriz, inposatuak zaizkigun kateak hautsi, eta estatu burgesen eraisketaren
bitartez klaserik gabeko gizartea eraikitzeko gure lan eta etorkizunaren jabe egiteaz ari
gara.
Horregatik, jazarpenaren aurrean, injustiziaren aurrean jarkitzea zilegi da beti. Eta
zapalkuntzak diraun bitartean, Euskal Herri Langileari ez zaio borroka ez den beste biderik
geratuko. Era berean, bere nagusitasunari eusten eta langileon edonolako izaera
iraultzaileko garra itzaltzen eta indargabetzen saiatuko da estatua, estatua edozein
askatasun izpi errotik mozten saiatzen baita beti. Bide horretan, hau berriz ernatu ez
dadin eta langileon bihotzetan beldurra errotu dadin, beharrezkoak dituen neurriak eta
pausoak emango ditu, frantziar eta espainiar estatuak garaituak diren unera arte, Euskal
Herri Langileak horien eskutik jazarpena besterik ezagutuko ez duelarik. Honi aurre
eginez herri langilea antolatuta mantentzen den bitartean, gudarien borroka kolpez kolpe
garaipena ekarriko duen konstantea izango da.
Ahaztuok ez dugulako ahazten. Eta Euskal Herriko langileok borrokarako gertu gauden
bitartean, herri honen historia langileon borrokaren bitartez idatzia den bitartean, Euskal
Herriko langileok nazio zein klase izaera kontzientzia dugun bitartean, gudarien borroka
ez da ilunetan eroriko. Inoiz, inon, Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa
egikaritzeko eguna iristen baldin bada, Euskal Herriaren alde ezeren truke askapenaren
ideiari jarraiki dena eman dutenen borrokari esker izango baita. Eta bide horretan,
mugimendu iraultzaileak ez du gudarien borroka ahaztuko eta, are gutxiago, honi uko
egingo. Borroka hau inorena eta denona baita aldi berean, Euskal Herriko langile
klasearen parte den heinean. Bide horretan, ez dagokigu guri hau epaitzea nahiz honi uko
egitea. Gure aurretik borrokan aritutakoen lekukoa hartu, borrokaren zilegitasunean
berretsi eta garaipenera arte Euskal Herriaren historia idazten jarraitzea dagokigu.
Gora Euskal Herria askatuta!
Gora Euskal Herri sozialista!