ASKE, JARDUN koordinadoraren baitako errepresioaren aurkako eta amnistiaren aldeko antolakunde independentista eta sozialista da. Antolakunde hau, Euskal Herrian errepresioari aurre egiterako orduan dagoen tresnen gabeziari erantzunez jarri da martxan. Izan ere, ezinezkoa da errepresioa gainditzea, izaera lokalekoak eta denboran mugatuak diren dinamikak baliatuta. Gauzak horrela, antolakundeak, kolpe errepresiboei erantzun eraginkorrak emateko tresnak sortzeaz gain, Euskal Herri Langileak egunerokotasunean pairatzen duen errepresioa aztertzea eta politikoki sozializatzea ditu helburu.
Errepresioaren aurkako borrokan ezinbestekoa zaigu amnistiaren aldeko borroka. Amnistia, ikuspuntu estrategikotik ulertuta, preso, errefuxiatu eta iheslarien askatasunaz haratago, amnistia berriak beharrezkoak ez izateko baldintzak sortzean datza. Independentzia eta sozialismorako, nahiz Euskal Langileri Iraultzailearen proiektu politikoaren gauzapenerako bidean derrigorrezko baldintza da. Amnistia ez doa, inolaz ere, adiskidetzera edota klaseen artean elkar ulertzera bideratuta, Euskal Herri Langilearen garaipenera baizik. Hori dela eta, Euskal Langileri Iraultzailea bere instituzio propioez hornitzeko derrigorrezko pausoa da.
Zentzu horretan, errepresioaren aurkako borroka, Euskal Herri Langilea zapaltzen duen sistemaren aurkako proiektu integral baten baitan egon behar dela ulertzen dugu. Izan ere, frantziar, espainiar eta euskal burgesiak euren zapalkuntza sistema betikotzeko asmoarekin Euskal Herri Langilearen aurka burutzen duten errepresioak, honi aurre egitea eta amnistiaren aldeko borroka maila nazionaleko proiektu integral batean txertatuta egotea galdegiten du. Ildo horretatik, ASKE, JARDUN koordinadoraren baitan Euskal Herri Langileak eta mugimendu iraultzaileak pairatzen duten jazarpenari aurre egiteko antolatutako tresna da, Alternatiba Iraultzailearen izaera integralean aurrerapausoak ematen jarraitzea bermatu behar duena.
Bidea ez da erraza izango. Baina guk argi daukagu helburuak merezi duela, egia horren pean gure eskuetan dagoen guztia emango dugularik, Euskal Herriak independentzia eta sozialismoa lortu arte!