Normalizazioan murgilduta bizi da Euskal Herria. Frantziar eta espainiar estatuen kapitalaren bakearen mesedepeko normalizazioan. Euskal Herriaren lurralde banaketa auzitan jartzen ez duen normalizazioa. Euskararen kontrako erasoak ohikotzat dituen normalizazioa. Euskal Herriaren nazio izaera onartu ez, eta bere ukazioa oinarri duen normalizazioa. Azken finean, normalizaziotzat saltzen diguten hau estatuen neurrirako bakea baino ez da. Estatuen jazarpenari eta okupazioei aurre egiteari uko egin diotenen bake faltsua, inposiziotik eratorritakoa. Hitz ustelak, estatuaren diskurtso eta logika bere egin dutenen ahoetatik irteten direnak.
Divide et impera. Estatuek bortxaren eta indarkeriaren bitartez euren txakurrak askatuta lortu ez zutena, euskaldunen eskutik gauzatu da. Eta horixe lortu dutela. Egun Euskal Herriko langileria inoiz baino alienatuago dago. Erabat desmobilizatua. Eta bien bitartean, geure gezur propioak sinetsita eta estatuaren amua irentsita, etsaiaren jokoan murgildu dira buru-belarri. Konstituzioek inposatutako parlamentuetako eserlekuak eta hauek eskuratzeko bozkak bihurtu dira ustezko alternatibaren ardatza, joko-zelaia etsaiaren mesedepekoa ez ezik, arauak honengatik markatuak direla era komenigarrian ahaztu duten bitartean. Hitz eta promesa hutsek hartu diete bidea ekintzei.
Horrela, pozik bizi da norbera bere autokonplazentzian. Eta ataka horretan, estatua mugimendu iraultzailearekiko aurrez aurreko konfrontazio estrategia batetik, inoiz izan duen nagusitasun handienari eusteko estrategia batera igaro da. Ildo horretatik, jada ez da jazarpen poliziala eta militarra euren estrategiaren muina. Horiek bere horretan diharduten arren, fitsik aldatu ez diren arren, egungo normalizazioan elkarbizitzaren parte dira. Egungo estatuaren estrategia mugimendu iraultzailearen berpiztea errotik moztera eta galaraztera doa bideratuta, betiere jazartzen dituen horiek galderak sorrarazi gabe begi bistan kolpatuta. Jakin baitakite erantzuna eta erresistentzia berezkoak dituztela nazio eta klase zapalduak.
Hori dela eta, zapaltzen gaituztenekiko konfrontazioa ekidinezina da jaun eta jabeen arteko norgehiagokan. Burua altxaz gero, ez baitago bakerik estatuen partetik. Eta etsaiak zapalduen gain kokatu nahi duen arren erresistentziatik eratorritako ondorioen ardura eta erruduntasuna, bere polizia, epaile eta borreroen eskutik etorriko dira beti konfrontazioa eta biolentzia. Eta egun hitzekin eraikitzen ari badira ere euren errelatoa, euren nagusitasuna bermatu eta azpirazioa eta jazarpena ezkutatu nahian, biolentziaren eskutiko ekintzekin inposatuko dute beti euren borondatea.
Badago, ordea, hitz bat Euskal Herriaren prozesu iraultzailearekin uztartuta doana. Egiten dituztenak egiten dituztelarik ere, desagerrarazi ezingo dutena. Herri baten borrokaren ikur dena. Herri honen askapenaren alde inoiz, inon, edozein garaitan aritutakoa izendatzeko baliatzen dena. Indibidualismoarekin apurtuta, kolektiboaren, langile klasearen interesak aurretik jarriz, elkartasuna jatorri duena. Hitzetara mugatu beharrean, ekintzetan oinarritutako konpromisoaren bitartez egikaritzen dena. Dena albo batera utzita, sasian gorpuzten den militantzia politikoaren sinonimo dena. Euskal Herriak pairatzen duen jazarpen forma orori amaiera jarriko diona. Amnistia ondorioei so egiten dien aldarrikapena izatetik, muinera jota erdietsiko duena.
Azken finean, Euskal Herri Langilearen azpirazioari herri honetan bizi dugun injustizia forma orori amaiera jarri behar dioten independentzia eta sozialismoaren ateak parez pare irekitzea ahalbidetu behar duen hitza. Herri baten borrokaren zilegitasuna eta zuzentasuna barnebiltzen duena. Euskal Herriak azpiratuta, etsaien menpe darraien bitartean, bizirik mantenduko dena. Eredu zarete, askatasun haizea zarete. Euskal Herri Langilearen borroka baita gudarien borroka. Eta lehengo lepotik dugu burua, ez dugulako zertaz damutu eta are gutxiago ezkutatzeko arrazoirik.
Gora Eusko gudariak!
Gora Euskal Herria askatuta!
Gora Euskal Herri sozialista!