Maiatzaren lehena langile klasearen borrokaren sinonimoa da. Bere konpromisoa eta engaiamenduarena. Zapalketei aurre eginez, baldintza berriak hauspotu eta mundu berri bat sortzeko gaitasunarena. Langile klasearen gaitasun politikoaren isla, alegia.
Kapitalaren instituzioen eskutik ez baitago biderik. Hauetan nagusi den kolorea izaten dena izaten delarik, langile klasearen potentzialitate iraultzailea indargabetu, eta aldi berean honen esplotazioarekin eta azpirazioarekin jarraitzen duen makinariaren kudeatzailea baita.
Ezinezkoa baita errotik usteldua dagoen sistema aldatzea, eta are gutxiago morroien zapalketari amaiera jarri behar dioten alternatibak planteatzea. Langile klasearen potentzialitatearen garapena bere gaitasun politikoaren gauzapena, kapitalari aurre egin eta honek inposatutako markoetatik kanpo eraikitako langile klasearen espazioetatik etorriko baita.
Langile klaseak bere antolakuntzaren bitartez eta bere klase interesei erantzuten dien proiektu politikoarekin erdietsiko baitu bere askapena.Eta gaurko okupazioa, izaera sinbolikoko ekintza edo aldarrikapena izatetik haratago, langile klaseak bere alternatiba propioak eraiki, eta balioan jartzeko ekintza efektiboa dugu. Donostiako hiriaz haratago, Euskal Herriko mungimendu iraultzaileari bere osotasunean ekarpena egingo diona.
Pauso apal, baina beharrezkoa. Borrokak, tokian toki, unean uneko indarraren arabera eraman behar baitira aurrera. Baina betiere argi izanda kontraboterea eraikitzea xede duen konfrontazioaren bitartez bakarrik egin dezakeela aurrera. Euskal Herri Langileak, bere klase interesak defendatu, eta hauen egikaritzea suposatu behar duten independentzia eta sozialismoaren bidean. Horrela, gogor defendatuko ditugu aurrerapausoak, hauek zapuztu, zein langile klasea jazartzea xede dutenek aurrean izango gaituztelarik.
GORA MAIATZAREN LEHENA!
GORA EUSKAL HERRI SOZIALISTA!
GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA!