JARKI-ren 2022ko Gudari Egun nazionaleko hitzaldia

Ez dugu zertan ezkutatu. Euskal Herriko hamaika txoko hautatu ahalko genituzke gaurko ekitaldia aurrera eramaterako orduan. Hamaika baitira, askatasunaren alde eroritako gudarien odolez gorrituta Euskal Herrian aurki ditzakegun txokoak. Horregatik, esan bezala, ez dugu zertan ezkutatu eta, are gutxiago, lotsatu. Horrela, Euskal Herri Langilearen alde, askatasunaren alde aritutakoen borroka plazetara, denon bistara, gogora ekartzea erabaki dugu, herri langileak Gudari Egunean hauek presente edukitzeko, eta argi uzteko ez garela gu ezkutuan, lotsatuta, burua makurtuta aritu behar garenak. Ez baitaukagu zer ezkutatu eta, are gutxiago, zertan barkamena eskatu, gurea ez baita jazarpena, esplotazioa, inposizioa oinarri duen borroka.

Euskal Herri Langilearen klase eta nazio zapalkuntza. Euskal Herriko emakume langileek pairatzen duten sexu-genero zapalkuntza. Herri honen alde aritutako borrokalarien amnistia. Kapitalaren eskutiko ingurumenaren suntsipena dira guk aurrera eraman beharreko borrokak, jazarpenaren aurrean borrokan ari diren munduko herri langileekiko elkartasunean. Eta, hortaz, garbi eduki ez dugula zertan lotsatu eta ez garela ezkutatuko.

Ez ditugu gudariak kriminal hutsetara mugatzen dituen diskurtsoa eta inposatu nahi diguten legedia eta errelatoa onartuko. Hemen eskuak odolez zikinduta duten horiek, Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenak, Martxoaren 3an Gasteizko kaleak izuz eta odolez bete zituztenak, Euskal Herri Langilea esplotaziora kondenatuta bizitzea ahalbidetzen dutenak, ustelkeriaz eta herriaren lepora bizi diren horiek, langileon eskubide politikoak sistematikoki ukatzen dituzten horiek dira.

Horrela, Gudari Eguna ez da memoriarako eguna, ez da atzera begira aritzeko eguna, ez da oroitzapenez bizitzeko eguna. Estatuen inposizioari aurre egiteko eta aldarrikapen politikorako eguna dugu. Gudarien borroka oinarri, herri honen askatasunaren aldarrikapenerako eguna dugu, Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokaren aldarrikapenerako eguna dugu. Garbi izanda, beti ere, aldarrikapenak ezin direla data zehatzetara mugatu. Aldarrikapen hauek mugimendu iraultzaileak egunerokotasunean bere praktika politikoaren bitartez jarri behar ditu balioan.

Pausoz pauso, estatuek inposaturiko markoak auzitan jarri behar ditu mugimendu iraultzaileak, hauekiko konfrontazioa sustatuz. Horrela joango baita Euskal Herri Langilea bere azpirazioari amaiera jarri behar dion askatasunaren mugarriak ezartzen. Baina aldarrikapena ez da nahikoa. Konpromisoa hartu beharra dago. Bakoitzak ahal duen heinean eta egokien deritzon lubakian borrokatu beharra dauka, argi edukita Euskal Herriaren askatasuna Euskal Herriko langileon eskutik bakarrik erdietsiko den helburua dela.

Horretarako, antolakuntza ezinbesteko baldintza suertatzen da. Euskal Herriko langileok gorpuztutako eta zuzendutako Alternatiba Iraultzailean oinarritutako antolakuntza. Euskal Herri Langilearen proiektu politikoa babestea eta gauzatzea bermatuko duen Alternatiba Iraultzailea. Eta helburu hauek erdiesteko bitartekariak martxan jarriko dituen Alternatiba Iraultzailea.

Horregatik, Gudari Egunean, JARKI antolakunde iraultzailetik argi daukagu. Lehengo lepotik dugu burua, eta Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa erdietsi arte, gudariek egin bezala, euren borrokarekin bat egin, eta honetan berresten gara, askatasuna baita gudariei egin diezaiekegun omenaldirik onena.

Gora Eusko Gudariak!

Independentzia eta sozialismoa!