Euskal langile, batu borrokara!
Ahaztuek ez dute ahazten. Ezinezkoa da herriaren alde aritutakoen oroimena honen gogotik ezabatzea. Etsaiak paretak zuri ditzake, oroigarriak kendu, ahotsak isilarazi, meatxuaren bitartez beldurra zabaltzen saia daiteke, memoria akabatu eta bere kontakizuna nagusitzeko. Baina gudarien borrokak oinazez eta engaiamenduz herriaren historiaren parte izateaz gain, honi bide eman dio, borrokaz eta konpromisoz idatzia baita Euskal Herriaren historia, eta hau ezin da karez ere estali eta, are gutxiago, ezabatu. Euskal Herri Langileak argi du herriaren alde eroritako gudariek ez dutela bizitza alferrik eman, ez dutela hau ezeren truke eman, Euskal Herriaren askatasunaren alde ez bada.
Gudarien borroka Euskal Herriak klase zein nazio parametroetan bizi duen zapalketa egoeraren isla eta ondorioa da. Bere lan indarra kapitalistengatik xurgatuta ikusten duen herri honek, bere izatea ukatua duen herri honek zapalduta dirauen bitartean, borrokarako hautura kondenatuta egongo da Euskal Herri Langilea. Izan ere, jazarpenaren, esplotazioaren eta injustizia forma ororen aurrean isilik geratu eta albo batera begiratzea ez da aukera bat. Zapalketa baten aurrean isilik egoteak, norbere burua neutro bezela posizionatzeak, zapaltzailea babestea suposatzen baitu, azken finean, posizio neutroak zapaltzailearen botereak denboran zehar bere horretan jarraitzea ahalbidetzen dute eta.
Borroka politiko eta ideologikoa ezin da memoria eta data zehatzetara mugatu, langile klasearen bizitza sozialaren eta baldintza ekonomikoen isla izan behar da. Jazarpen egoerak indarrean dirauen bitartean konfrontazioa halabeharrezko baldintza da, Euskal Herri Langilearen beharrizanei erantzun behar dieten alterantibak mahaigaineratzerako orduan. Euskal herriko langileok baikara, eta ez azpiratuta gaituzten espainiar eta frantziar estutak zein euren borreroak herri honen historia idatzi behar dugunak. Horretarako, antolatu beharra dago, kalera atera beharra dago, guk ez bitaukagu zertaz lotsatu ez zer ezkutatu, eta Euskal Herri Langilearen Alternatibak herriarekiko harreman zuzena izanda, honekin uztartuta soilik egin dezake aurrera.
Oztopoak oztopo, aurrera ekin beharra dago. Antolatzen eta etsaiari espazio politikoak borrokatzen jarraitu beharra dago, bere dikurtso eta ideologiari aurre egin beharra dago, bere posizio politikoa higatu eta nagusitasuna kolokan jartzeko. Horretarako, mobilizazioa eta kaleko presentzia mantentzea beharrezkoa da. Bide horretan, JARKI antolakunde iraultzaileak, irailaren 25ean 12:00etan Leitzako plazan Gudari Egunari begira eta hauen omenez antolatutako ekitaldi politikoan parte hartzeko deia egiten du. Biharko egunean Euskal Herririk bada, borrokari esker izango baita, eta gaur Euskal Herririk bada gudariek aurrera eramandako borrokari esker baita.
Gora Eusko Gudariak!