JARKI-k Gabonetan Donostia “Argi Hiria” izendatzearen aurrean kanpaina lokala abiarazi du

Aurtengo Gabonetan, Donostia, Genovarekin batera, Europako argi hiria izendatu dute. Horrek neguan zehar Donostia inoiz baino argiztatuago egongo dela suposatzen du. Argi hiriaren izendapen hau argi indarraren prezioa inoiz baino altuagoa dagoen garaian eta, horrenbestez, langile klasea inflazio hau modu gordinean ordaintzen ari den garaian gertatuko da. Produktuen prezioak igo besterik egiten ez diren bitartean, langileon soldata errealaren beherakadak aurrera darrai. Izan ere, soldaten igoerak inflazioarenaren atzetik geratu ziren aspaldi, langileon erosahalmena murriztea eraginez. Gauzak horrela, Donostiako langileok biziraun ahal izateko, ez dugu inflazioaren zama gure gain hartuko bakarrik. Alta, langileok ordaintzen ditugun zergen dirua da, burgesiaren beste proiektu xahutzaile bat gehiago sostengatu behar duena. Gainera, inflazioaren ondorio larriak gutxi izango balira bezala, neguko hotzarekin egoera are gehiago larrituko da. Izan ere, Donostia argiztatuta egongo da, Donostiako langileok argia ezin ordainduta hotzak jota gauden bitartean.

Bizitzen ari garen krisi garai honetan, Donostiako udaletxeak gizartearen ustezko “zoriontasuna”-ren edota “alaitasuna”-ren eldarnioa irudikatzeko baliatu nahi ditu argi hauek. Baina langileon esplotazioak dirauen bitartean, ez dago honetatik eratorritako miseria eta pobretzea estaltzeko gai izango den argirik. Izan ere, miseria eta pobretzea errealitate bat dira Donostiako langile askoren egunerokotasunean, bere existentzia ukatuta existituko ez balira bezala aritzea ezinezkoa egiten duen errealitatearen parte, alegia. Hortaz, ezingo dute hau estali, egunero zortzi ordu lan eginda ere pisuaren alokairua ordaintzeko ezintasuna edo langileon bizi baldintzen okertzea estali ezin duten bezala. Horrela, burgesiak denon dirua beste alde batera begiratuta itxurakerietan eta iruzurretan xahutu arren, ezingo dute ekidin honen guztiaren aurrean Euskal Herri Langileak bere gaitasun iraultzailearen gaineko kontzientzia hartzea eta antolatzen jarraitzea.

Gauzak horrela, Euskal Herri Langilearen bizi baldintzen okertzea areagotzen ari den prezioen gorakada gerrari edo bestelako arrazoiei leporatzen dieten arren, hauek sistema kapitalistaren barne-kontraesanen ondorio zuzena direla argi izan behar dugu. Hori dela eta, egoera honi aterabidea emateko orduan, antzua da alderdi bat edo bestea gobernatzearen onuren inguruko eztabaida sustatzea, edozein alderdik gobernatuta ere ondorio bera izango bailitzateke. Azken finean, sistema kapitalistak bere horretan dirauen bitartean, honek estatuaren aparatuaren kontrol efektiboa izango du. Izan ere, langileon beharrizanak asetzera bideratutako eta honengatik zuzendutako eredu ekonomikoaren gauzapenarekin lortuko da langile klasearen bizi baldintzak hobetzea. Horretarako, sistema kapitalista akatu eta Euskal estatu independiente eta sozialistaren bitartez bakarrik egikarituko den botere osoa behar du Euskal Herri Langileak, bide horren mesedetan jardungo duen alternatiba iraultzailea gorpuztea dagokigularik, Donostiako zein Euskal Herriko langile orori.