Hasteko, gure besarkadarik iraultzaileena Palestinan, Donbassen, Yemenen, Kolonbian, Sirian eta munduko beste hainbat txokotan, burua makurtuta bizi beharrean, zutik inperialismoari aurre eginez, erresistentzian buru-belarri diharduten herri langileei. Duintasunaren eta borrokaren eredu zarete Euskal Herriko zein munduko langileontzat. Hala ere, aurrekoak ez dira borroka isolatuak edo urrun geratzen den bidegabekeriaren aurpegia. Izaera globala duen gaitz baten hamaika aurpegiak dira. Kapitalak eta inperialismoak tokian toki dituen aurpegi ezberdinak, alegia.
Eta ataka horretan, zertan da Euskal Herria? Bakean bizi ei da Euskal Herria. NATOren bonbardaketen eta azpirazioaren bitartez eraikitako hilerrien bakean. Frantziar eta espainiar estatuen ukazioaren eta inposizioaren bakean. Hitzen zentzua erroz aldatzen baita ikuspuntu eta interesen arabera. Borrero eta makilduen artean, jabe eta morroien artean, ez baitago egia amankomunik. Ez dago elkar-ulertzerik. Eta ez dago elkarbizitzarik.
Euren bakearen baitan dena posible dela sinetsarazi nahi digute, betiere, eurek markatutako ibilbidea jarraituz gero. Euren lege eta instituzioak errespetatuz gero. Euren ideologia geure eginez gero. Gure otzantasunarekin nahiko ez, bidegabekeria eta sarraskien konplize bilakatu nahi gaituzten punturaino. Dena dela, itxurakerian eta alienazioan eraikitako egia denez gero, aski da markatutako ibilbidetik irtetea, elkarbizitzaren eta bakearen estalkia urratu, eta kapitalaren zein estatuen zapalkuntzaren aurpegiak ikusteko. Itsu nahi gaituzte, euren benetako aurpegia ikusi eta errealitate gordinaz jabetu ez gaitezen. Gor nahi gaituzte, zapalduen oihuak entzun ez eta elkartasunari bizkarra eman diezaiogun. Eta mutu nahi gaituzte, ahotsa altxatu eta ozentasunez euren bakea auzitan jar ez dezagun.
Bien bitartean, demokrazia salduko dute, Euskal Herriko nazio izaera ukatu, eta bere etorkizuna askatasunez eraikitzeko aukera deuseztatzen duten bitartean. Ongizateaz mintzatuko dira, burgesek langileen lepora negozioa egin, eta hauek euren mozkinak areagotzeko baliabide izatera murrizten dituzten bitartean. Ordena jarriko dute balioan, Euskal Herriko langileak zintzo eta leial mantentzen ez direnean, kolore ezberdinetako txakurrak izua eta jazarpena hedatzeko solte uzten dituzten bitartean. Justiziaz arituko dira, disidentzia politikoa kriminalizatu, eta toga beltzdun borreroen aurrean belaunikarazten saiatzen diren bitartean.
Izan ere, frantziar eta espainiar eskubide estatuak dira Euskal Herri Langilearen arerioak. Burgesen jabetza eta esplotaziorako eskubideak bermatzen dituzten bitartean, langileak miseriara kondenatu, eta hauek txirotasun edota kale gorrian uzten dituztenak. Espainola eta frantsesa ezagutzeko betebeharra euren konstituzioetan jaso, eta aldi berean euskaraz bizitzeko, aritzeko eskubidea sistematikoki erasotzen dutenak. Isiltasuna baita gustuko duten soinua. Euren borondateari men egin, eta otzan mantentzen den langileriaren isiltasuna. Erabat alienatuta, bere klase kontzientziari eta nazio identitateari uko egin dion Euskal Herri Langilearena.
Aitzitik, zapalkuntzak dirauen bitartean, erresistentzia egongo da. Errepresioak dirauen bitartean, erantzuna. Ukazioak dirauen bitartean, kontzientzia eta borondatea. Borroka baita Euskal Herriaren biziraupena bermatu, eta, era berean, herri honetako langile klasea bere etorkizunaren jabe egin, eta hau eraiki ahal izatea ahalbidetuko duena. Usteldu egin baitira promesak. Argi geratu da euren instituzioen eskutik ez dagoela ezer egiterik. Hauek edozein alternatiba alperrik galdu, eta etsaiaren kontrola eta nagusitasuna bermatzera bideratuta baitoaz.
Gauzak horrela, iraultza da Euskal Herri Langileak jorra dezakeen bide bakarra. Azpiratuta eta ezerezera murriztu nahi gaituztenen aurkako matxinada. Euskal Herriko langileon antolakuntzaren eta engaiamenduaren bitartez osatutako alternatiba iraultzailearen eskutik eman behar dena, halabeharrez. Herri honetan bizi dugun injustiziari eta zapalkuntzari amaiera eman, eta klaserik gabeko gizarte baten eraikuntza ekarri behar duena. Euskal identitatea agortzea eta itzaltzea ekidin, eta langileon morrontzari amaiera eman behar diona, askatasunaren ateak parez pare irekiz eta independentzia eta sozialismoari bide emanez.
Hala ere, antzuak dira aldarrikapenak, hitzak ekintzetan bilakatu ezean, ez baitira nahikoa etsaiari aurre egiteko orduan. Malkartsua eta oztopoz betea izango da Euskal Herriak bere askatasunaren alde jarraitu beharreko bidea. Asko izango dira porrotak, urriak garaipenak. Epikarik gabekoak isuritako malkoak. Baina etsaiak gu suntsitzea helburu duenean, ezerezera murriztuta gure izatea historiako oroitzapen bilakatu nahi duenean, borroka da bidea, askatasuna ipar.