JARKI-k Frantziako Tourraren inguruan egindako irakurketa

Euskal Herri Langileak Frantziako Tourrari Ez!

Tourrak Hego Euskal Herrian presentzia askotan izan badu ere, aurtengo edizioak izaera kualitatiboko jauzia suposatzen du, horrek dakarren inbertsioarengatik eta eman zaion garrantziarengatik. Martxoaren 22an Bilbon atzera-kontagailua jarri eta 100 egun igarota, uztailaren 1, 2 eta 3 bitartean, Euskal Herriko errepideak bere egingo ditu Frantziako Tourrak.

Azken urteetan itxuraz eduki politikoz hustu nahi izan duten kirola baliatuko dute beste behin ere frantziar zein espainiar estatuek eta euskal burgesiak, euren klase interesak sustatuta euren proiektu politikoan sakontzeko. Izan ere, egiten duten kirol ekimenen erabilera egiten dutelarik, hauek zer eredu duten, zer sustatzen duten, zeinen interespean burutzen diren eta nori egiten dioten mesede galdetu beharrean gaude. Gauzak horrela, argi izan behar dugu Tourra kirol ekimen gisa erabat arrotza zaiola langile klaseari eta hau Euskal Herrian gauzatzeak helburu zehatzei erantzuten diela.

Hasteko, Euskal Herri Langilearen bizi-baldintzen kaskartzea areagotzea eragiten ari den inflazioaren eta soldata errealaren jaitsieraren testuinguruan, instituzio burgesetan diharduten alderdiek langile klasearen egoerari erantzuteko alternatibak eta konponbideak mahaigaineratu beharrean, hau baretzeko, entretenitzeko eta alienatzeko baliatuko duten zirkua izango da Frantziako Tourra. Izan ere, uztailean Frantziako Tourra eta irailean Espainiako La Vuelta gauzatzea burgesiak Euskal Herri Langilearen klase zein nazio asimilazioan sakontzeko baliatuko duen tresna izango dira.

Asimilazioaz ari garenean, menpeko komunitate bat bere identitateari uko eginez nagusitasuna duen komunitate baten parte izatera igarotzeaz ari gara. Horrela, kirol ekimenak euskal burgesiak saldu nahi duen kontrara, Euskal Herria ikusarazteko tresna beharrean, inposizioaren bitartez frantziar eta espainiar estatuek Euskal Herriaren gain duten kontrola ikusarazteko erakusleiho izango dira, 2013. urtean Frantziako Tourraren hasiera lehen aldiz Korsikan egin izanak suposatu zuen antzera. Alta, Lehen Mundu Gerraz geroztik, Tourra frantziar estatuak bere naziotasuna goraipatzeko baliatu izan duen ekimena izan da.

Agintariek publikoki adierazitakoaren arabera, sarrera ekonomikoak eta turismoaren sustapena dira Tourra Euskal Herrian antolatzearen helburu nagusiak. Hala, Euskal Herrian dirua utzi eta etekin ekonomikorako aukera izango denaren aitzakiapean martxan jarrita, bakarrik burgesiaren interes ekonomikoei fabore egiten dien beste ekimen bat dugu Tourra. Momentuz 12 milioi da instituzio publikoetatik egindako xahuketaren zifra:

  • Eusko Jaurlaritzak 3,2 milioi euro
  • Bilboko Udaletxeak 3,2 milioi euro
  • Bizkaiko Foru Aldundiak 2,4 milioi euro
  • Gipuzkoak Foru Aldundiak 1,1 milioi euro
  • Donostiako Udaletxeak 850 mila euro
  • Arabako Foru Aldundiak 525 mila euro
  • Gasteizko Udaletxeak 525 mila euro

Kopuru horri gehitu behar zaizkio, bestalde, bai aurreko urtean Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko Sailak Bilbao Ekintzari 2021ean Tourra antolatu zezan emandako 400 mila euroak, baita jada egon den 2,3 milioi euroko gainkostua ere. Halaber, gogoan izan behar dugu Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2023ko aurrekontua 64 milioi eurokoa dela. Hori kontuan izanda, Tour de Francen antolatzailea den Amaury Sport Organisation (ASO) enpresak 6 milioi euro jasoko ditu. Dena den, Tourra ez da ASOk antolatzen duen ekitaldi bakarra, Dakarra ere antolatzen baitu eta Vuelta Españaren antolaketaz arduratzen den Unipublic enpresaren % 100eko jabetza ere baitauka.

Era berean, euskal burgesiaren alderdi nagusiaren, hau da, PNVren inguruko enpresek aterako duten etekina ere agerikoa da, zenbait kasutan alderdiarekin duten harremana ezkutaezina delarik. Besteak beste, Dimensión Marketing Directo S.A.U. PNVren gertukoa den Komunikazio agentziak 145 mila euro jasoko ditu publizitatearen truke. Horrez gain, Gorka Iturriaga Kirol Saileko zuzendariaren emaztea sozio moduan duen Sormen Komunikazioa S.L. enpresak 119 mila euro jaso ditu komunikazio zerbitzuen truke. Beraz, sare klientelarrak ez ezik, ustelkeriak ere bere lekua hartu du Tourraren Euskal Herriko antolakuntzan. Izan ere, 2021eko maiatzaren 12an kolusio delituagatik isundutako beste 21 enpresekin batera 640 mila eurorekin isundutako Idom Consulting, Engineering, Architecture S.A.U. enpresak 152.520 euro jaso ditu asistentzia teknikoa eskaintzeagatik. Horri guztiari Tourraren gauzapena eta baldintzak bermatzeko eta baldintzak betetzeko azken hilabeteetan Euskal Autonomia Erkidegoko azpiegiturak konpontzeko egindako gastua gehitu behar zaio.

Instituzioen arabera, ordea, Tourra burutzeak 120 milioi euroko diru-ekarpena egingo du. Baina argi izan Tourra langileok geure diruarekin ordaindu badugu ere, etekin hauek ez dutela Euskal Herriko langileon poltsikoetan bukatuko. Gentrifikaziotik eta turismotik ateratako etekin ekonomikoaz eta bertan soldata baten truke diharduten langileen esplotazioaz bizi den burgesiaren esku geratuko da. Hori dela eta, azken bi hamarkadetan euskal burgesia aurrera eramaten ari den turismora bideratutako ekonomiaren tertziarizazioan sakontzeko aukera emango du Tourrak, langileen esplotazioa muturreraino eramango duten lanpostuen sorrera eta orokortzea emango delarik. Alabaina, hau ez da kasualitatea. Turismoa bezalako sektorearen garrantzi ekonomikoa indartzea langileriaren alienaziorako eta pobretzerako tresna da burgesiarentzat, langileok eurekiko dugun menpekotasuna areagotzeko eta, aldi berean, gainerako sektoreetako lan baldintzak murrizteko testuingurua sortzea ahalbidetu behar duena. Halaber, esplotazioa areagotzeak langileon aisialdiaren eta denbora librearen eraldaketa suposatu behar du, bere antolakuntzarako aukerak murrizteko eta, horrela, bere potentzialtasun iraultzailea indargabetzen joateko.

Bestalde, aipatu beharra dago Tourraren inguruko datetan Euskal Herriak pairatuko duen militarizazioa, horren gauzapena bermatzeko beharrezko segurtasun neurriez eta mugikortasun murrizketez arduratuko dena. Berriro ere kolore ezberdinetako txakurrek Euskal Herriko kaleak hartuko dituzte, burgesiaren interesen defentsan. Izan ere, Hego Euskal Herria militarki okupatzen duten kolore ezberdinetako txakurrei Ipar Euskal Herriaren okupazio militarraren ardura duten txakurrak batuko zaizkie Tourrarengatik. Horrela, txakurrek ekimenaren beraren gauzapena bermatzeaz haratago Tourrak gizartearen militarizazioan sakontzeko aukera emango du, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak publikoki adierazi baitu jada zipaioen parke higikorrak berrituko dituztela, furgonak berritzea suposatuko duena. Horrekin batera, Tourra bezalako izaera transbertsaleko aisialdiari begirako ekimenetan txakurrek parte hartzearen helburua da euren izaera errepresiboa ezkutatzea eta estatu kapitalistetatik eratorritako poliziaren funtzio soziala eta papera saltzea zein euren presentzia normalizatzea.

Gauzak horrela, Tourra estatuek Euskal Herriaren asimilazioari begira aurrera daramaten estrategiaren baitan kokatu beharra dago, hau da, Euskal Herri Langileari inposatua zaion eta burgesiaren interesei erantzuten dien ekimenaren aurrean gaude. Horregatik, ez da nahikoa Tourrean aldarrikapen politikoa plazaratzearekin. Hori egiteak Tourraren gauzapena bera auzitan jartzen ez duenez, honen onarpena eta horrelako ekimenen normalizazioa suposatzen du, burgesiaren ekimenei eta estrategiari bidea zabalduz. Horren aurrean, konfrontazioa da Euskal Herri Langileak burgesiarekiko sostengatu beharreko planteamendua, azken honek aurrera daramatzan ekimen eta inposatu nahi digun errealitatea borrokatu beharra dagoelarik.