Martxoaren 3ko manifestazioaren kontrako jazarpenaren aurrean
Atzo, beste behin ere, azken egunotan ikusten ari garen gertakariak errepikatu ziren. Manifestariak Martxoaren 3ko gertakariak oroitzen eta borroka horren gaurkotasuna aldarrikatzen zeudela, zipaioak manifestazio erdian sartu eta bai alde batera, bai bestera, inolako gupidarik gabe oldartu ziren, harrapatu zuten guztiaren aurka kolpatuz. Manifestari andana izan ziren kolpe horien ondorioz ospitalean bukatu behar izan zutenak eta, gainera, 4 pertsona atxilotu zituzten. Hala eta guztiz ere, horrekin nahikoa ez, eta zipaioak atxilotuei elkartasuna adieraztera joan ziren pertsonen aurka oldartu ziren, gupida izpirik gabe, horietako bat atxilotu egin zutelarik. Hori dela eta, gaur, hemendik, gure elkartasun osoa helarazi nahi diegu.
Gertakari hauek, ordea, ez dira kasu isolatu bat. Ez diote zipaioen baitan dauden ardi beltz batzuen iniziatiba pertsonalari erantzuten. Egituraz sistema kapitalistan poliziak betetzen duen funtzio sozialari erantzuten diote atzoko gertakariek. Izan ere, poliziak, estatuaren instituzio aramtua izanik, ordena burgesa mantentzeko helburua dauka, Horretarako, beharrezkoa zaio burgesiaren dominazioa arriskuan jar dezakeen antolakuntza forma oro errotik moztea eta deuseztatzea. Helburu honen pean, manifestatzen direnen kontra oldartu, eta atxiloketekin, isunekin, epaiketekin eta beraien eskuetan dauden tresana guztiekin jazartzen dute. Zentzu horretan, antzua suertatzen da Euskal Herria espainiar eta frantziar estatu kapitalisten menpe dagoen bitartean “polizia demokratiko” bat aldarrikatzea. Alta, bi estatu kapitalisten baitan, burgesiaren aberastasuna eta Euskal Herri Langilearekiko jazarpena zein esplotazioa besterik ez dugu ezagutuko.
Gauzak horrela, etsaia argi eta garbi identifikatu behar dugu, baita etsaiaren funtzioa erraztu edo konfrontazian “bitartekari” papera egiten dutenak ere. Izan ere, hauek, egoera baretzetik urrun, larriagotu egiten dute. Are gehiago, erantzukizuna zipaioen gain jarri ordez, beraien aldarriak kalera atera zituztenen eta euren burua defendatu zutenen gain kokatzen dute. Gauzak horrela, argi eta garbi esaten dugu: ez dugu poliziaren funtzioa errazten duen inolako kordoi urdinik onartuko.
48 urte bete dira aurten Martxoaren 3ko sarraskitik. Atzoko irudiek Euskal Herri Langilearen zapalkuntzak bere horretan dirauela frogatzen dute, baita honen askatasunaren alde borrokatzearen ondorioz pairatu beharreko errepresiak ere. Baina ez, ez gaituzte kikilduko. Atzo erakutsi genuen bezala, geure burua defendatzeko prest gaude, errepresio ororen gainetik aurrera egiteko prest gaude. Bide horretan, ezinbestekoa da gure interesetara eta gure defentsan egongo diren antolakuntza markoetan parte hartzea. Horregatik ASKE-tik antolakuntzara eta borrokarako deia luzatzen diogu Euskal Herriko langile orori. Izan ere, soilik gure antolakuntza politikoaren bitartez lortuko dugu Euskal Herri Langilearen askatasuna eskuratu eta jazarpen oro gainditzea.
Erori, zutitu eta segi, gurea baita garaipena!
Indar errepresiboak suntsitu!
Gora Euskal Herria askatuta!
Gora Euskal Herria sozialista!