JARKI-k Donostiako dinamika lokalari amaiera emateko kontzentrazioa burutu eta irakurketa plazaratu ditu.

Azken hilabeetan krisi sanitarioak sortu duen testuinguruak kapitalaren krisi ekonomiko ziklikoaren prozesua azkartu egin du. Krisiak Euskal Herri Langilearen bizi balditzak okertzen dituen bitartean, Espainiar eta Frantziar estatuek eskubide zibilen murrizketa eraman dute aurrera. Hain zuzen ere, burgesiak erasoaldi ekonomikoari aurre egiteko baliabideak (antolaketa politikorako baldintzak, protestak, mugikortasuna, bilkurak, …) debekatu ditu.

Pandemian zehar agintariek hartutako neurriak burgesiaren aldekoak eta Euskal Herri Langilearen aurkakoak dira. Itxialdian zehar kapital metaketa ez da inolaz ere gelditu, eta bitartean, Euskal Herri Langilea gainezka dauden garraio publikoetan lanera joaten jarraitzen ari da, lanaldiaren ostean bere denbora librea mugatua duen aldi berean. Neurri horiekin langileon bizitza lanera mugatu nahi dute, bizitzako gainontzeko esparruak, hala nola, aisialdia, kultura edo kirola, errotik moztuz. Hau gutxi balitz, Euskal Herriak inposatuta dituen mugen sakontzea ematen ari da.

Izan ere, krisi testuinguru honetan burgesiak bere indar errepresiboak handitu eta gogortu egin ditu, beldurraren kulturan sakontzeko eta antolakuntza politikoa galarazteko helburuarekin. Horren adierazle dira azkeneko hilabeteetan Donostian zein Euskal Herrian ikusten ari garen irudiak, non zipayoak inongo gupidarik gabe auzotarren kontra oldartu eta gazteak atxilotzen dituzten. Hau ez da kasualitatea: itxialdi garaian langile klaseak eskubide zibilen murrizketa jasan du eta honen aurrean duen alternatiba bakarra antolakuntza da, sistema kapitalistaren kontrako antolakuntza, hain zuzen. Eta burgesia honen jakitun da.

Oldarraldia ulertzeko, burgesiaren makinaria errepresiboa ezin dugu soilik indar polizialetara mugatu. Azken finean haien hedabideek errepresioan sakontzen laguntzen diete, manipulazioa erabiliz eta Euskal Herri Langilea erruduntzat joz, poliziaren erasoak guztiz zilegiztatzeko. Herri ezberdinetan ikusten diren errepresio irudiak, agintari politikoek hartutako neurri kontraesankor eta interesatuak estaltzeko sortu dira, foko mediatikoa bereziki gazteengan jarriz.

Guzti honek ondorio latzak ditu Euskal Herri Langilearentzat. Izugarrizko izua sortuz, Euskal Herri Langilea desmobilizatzea eta alienatzea du helburu klase zapaltzaileak. Argi izan behar dugu egoera honen aurrean ezin garela etxean gelditu. Antolatu behar gara, hau bait da erasoen aurrean erantzuna emateko tresnarik eraginkorrena. Euskal Herri Langileak beharrezkoa duen alternatiba iraultzailea gorpuzteko eta jasaten dugun sitema kapitalista errotik suntsitu ahal izateko.

ERREPRESIOAREN AURREAN EUSKAL HERRI LANGILEA ANTOLATU!!