Euskal Herri Langileak Apurketa!!
Abenduaren 6a Euskal Herriko langileon askatasuna errotik mozteko, bere izaera nazionala ukatzeko eta klase gisa azpiratuta jarraitzeko instituzioak zein marko juridikoa zehazten dituen espainiar konstituzioaren eguna dugu. Hori horrela, konstituzioaren pean, Euskal Herriko burgesiaren interesak bermatu eta, aldi berean, nazio auzia neutralizatzera bideratutako autonomia forma hartzen dute instituzioek. Horien bitartez, egun Hego Euskal Herria lau administrazio ezberdinen menpe bizi da. Izan ere, Nafarroako Foru Erkidegoaz eta Euskal Autonomia Erkidegoaz aparte, presente eduki behar dugu Villaverde Turtzioz eta Trebiñu Kantabria eta Gaztela eta Leonen administraziopean aurkitzen direla, hurrenez hurren.
Euskal Herriaren ukazio politikoa oinarri duen banaketa hori bertako langile klasearen azpirazioa betikotzera zuzenduta dago, lurralde banaketa egikarituz eta horretan sakonduz. Horren adibiderik argiena dugu, hain zuzen ere, euskal naziotasuna erasotzeko orduan estatuek duten tematzearen baitan euskarak bizi duen egoera. Azken hilabeteetako epaiez haratago, egun Euskal Herriak bizi duen diglosia egoera, euskarak autonomia erkidego bakoitzean duen onarpenetik eta horretan oinarritutako estatus juridikotik eratorria da.
Lurraldetasunaren banaketa horrek argi uzten du zein den estatuen azken helburua: Euskal Herri Langilearen arteko arrakalak zabalduta eta desberdintasuna elikatuta, hauen arteko elkartasuna zein identitatea lausotzea eta bere askatasun grina behin betiko itzaltzea. Izan ere, autonomismoaren bitartez espainiar estatuak nazio auzia neutralizatzen eta, era berean, Euskal Herriko burgesiaren leialtasuna bermatzen du, azken horri bere interes ekonomikoen eta politikoen neurrirako marko instituzionala eskainiz.
Halaber, euskal burgesiak autonomismoak eskaintzen dituen instituzioetan duen botere kuota baliatzen du. Horren bidez, nolabaiteko subiranotasunetik askatasun irudia elikatuta langileak otzantzen ditu, espainiar estatuaren administrazioaren kudeaketaz, hau da, Euskal Herri Langilearen klase eta nazio zapalketaren zuzeneko kudeaketaz arduratzen den bitartean.
Bestalde, Euskal Herri Langileak martxan jar litzakeen edozelako izaera apurtzaileko eta iraultzaileko ekimenak deuseztatzen eta baztertzen dituzte, aurrerapausoak eta lorpenak espainiar estatuak inposatutako markoetan, konstituzioaren baitan eskura daitezkeela dioen iruzurrari eusten dioten bitartean. Era horretan, elkarren eskutik doazen espainiar eta euskal burgesiak instituzionalismoan oinarritutako estrategia aurkezten diote Euskal Herri Langileari, alternatiba bakarra bailitzan, indarrean dagoen azpirazio egoera sostengatzen eta elikatzen besterik ez duen bitartean. Bide horretan, estatuari erauzitako hobarien trikimailuaren bitartez, benetako erabakitze ahalmena azken finean Madrilen Espainiako kapitalisten interesen neurrira eraikitako sisteman dagoela ezkutatzen saiatzen dira.
Gauzak horrela, koska ez dago burujabetza handitzean edo autonomismoan sakontzean, Euskal Herri Langileak ez baitu ezer egiterik espainiar eta frantziar estatuetako markoen baitan. Hori dela eta, Espainiako konstituzioaren aurrean, apurketa da Euskal Herri Langileak inposatu zaizkion kateak hausteko eta klaserik gabeko benetako Euskal Herri askerako ibilbidea jorratzeko baldintza. Era horretan, langileen eskutik sortutako kontraboterearen bitartez egikaritutako Euskal estatu independiente eta sozialistarekin gauzatuko da benetako apurketa.
Bide horretan, Euskal Herriko langile eta mugimendu iraultzailearentzat apurketa une oro presente eta bizirik mantendu beharreko aldarria izan behar denez gero, JARKI antolakunde iraultzaileak, abenduaren 6an, Durangoko Landako guneko Tximiniatik abiatuta, 18:00etan burutuko duen manifestazioan parte hartzeko dei egiten dio Euskal Herri Langileari.