Uztailaren 23an hauteskunde orokorretan Vox eta PPren gobernua osatzea ekidin zuen aurrerakoia ei den gobernua osatu zen espainiar estatuan. Era berean, urriaren 31n Leonor Borboikoak Espainiako Konstituzioa zin egin zuen, Frankok ezarritako bere aitonaren eta aitaren bidea jarraiki. Aldaketa saldu dute zaharrak berri bilakatuz, denak berdin jarrai dezan, koroa eta konstituzioa baitira Espainiako erresumako sinbolo nagusiak. Estatuaren muina eta auzitan jarri ezin diren ikurrak. Demokraziari bide eman eta bake soziala bermatzen dutenak.
Era horretan, Espainiako Konstituzioa ez da urrun geratzen zaigun edo Euskal Herriko langileon egunerokotasunean eraginik ez daukan dokumentua. Ez da ehunka kilometrotara geratzen den errealitatea. Goazen argi esatera espainiar konstituzioak zer suposatzen duen. Izan ere, horren arabera espainiar estatuko hiritar eta botere publiko oro konstituziora eta honengandik eratorritako ordenamendu juridikora lotuta dago.
Subiranotasuna espainiar herriaren gain kokatzen du, gorte orokorrak, hau da, Madrileko senatu eta kongresua herriaren ordezkari gisa izendatuta, hauen esku uzten duelarik erabakiak hartzeko ahalmena.
Gauzak horrela, erabakitze eskubidea eurentzako pentsaezina da. Euskal Herriak ez dauka inolako erabakitze ahalmenik, erabaki oro azken finean Madrilen hartu edo honen onespena eduki behar duelarik. Are larriago, espainiar nazioaren eta espainiar herriaren subiranotasunaren aldarrikapen hau Euskal Herria beraren existentzia eta izate politikoaren ukazioaren oinarria da. Espainiar nazioaren disolbaezintasunaren aldarrikapen eta aberri amankomun banaezinaren baieztapenaren gainean eraikitako ukazioa, alegia. Eta batasun horren bermea ez du bakarrik espainiar ororen eskubide eta betebehar gisa esleitzen. Erregea buru duten indar armatuak izendatzen ditu Espainiako subiranotasunaren defendatzaile eta bere lurralde osotasunaren eta ordenamendu konstituzional bezala.
Etsaiak oso argi baitauka bere proiektu politikoa zein den. Jabetza pribatua zein enpresa eta ekonomia merkatuaren askatasuna argi eta garbi jasotzen ditu konstituzioak. Alta, dokumentuak ez dio euskal herriko nazio auziari lekurik ematen, Espainiako proiektu nazionalaren berme gisa, espainolaren erabilera aipatzera mugatzetik urrun, honen ezagutza betebehar gisa inposatzeko puntura arte.
Argi geratzen da zeinen neurrira eta interesera egindako dokumentua den. Konstituzioaren zenbait atal Euskal Herria azpiratuta mantendu nahi duten alderdi zein instituzioentzat sakratuak diren bitartean, ez dirudi beste batzuen aplikazioa hain beharrezkoa edota hain derrigorrezkoa suertatzen zaienik. Izan ere, alderdien legea indarrean dagoen estatuan adierazpen askatasuna eta aniztasun politikoa ustez bermatuta daude, konstituzioa eta honetatik eratorritako legeriari men eginez eta errespetatuz gero.
Espainolak legearen aurrean berdinak direla aldarrikatzen dute, baina jazarpen politikoa aurrera eramateko orduan Euskal Herriko langileok gure espainoltasuna galtzen dugu antza. Ezohiko epaitegiak debekatzen dituzte tortura eta izaera bidegabeko eta umiliagarriarekin batera. Hor ditugu, ordea, Audientzia Nazionala eta Euskal Herriak bere askapenaren alde aurrera eramandako borrokan zehar pairatutako oinazeak hori gezurtatuz.
Aurretik aipatutakoak ez dira gure burutapen edo asmakeriak. Espainiako Erresumako 1978ko Konstituzioa osatzen duten 169 artikuluek jasotako edukia da. Hego Euskal Herriko errealitate ekonomiko, sozial eta politikoari forma ematen dion edukia.
Horren aurrean benetan pentsatzen dugu autonomismoak subiranotasun gradu bat edo honetan sakontzeko aukera ematen duenik? Posible da horrela burujabetza balioan jartzea? Benetan pentsatzen dugu instituzionalismoa Euskal Herri Langilearentzat alternatiba izan daitekeela? Posible da Euskal Herria baldintza horien pean eraikitzea? Benetako Euskal Herri aske, independente eta sozialista? Euskal Herriko langileok piratzen ditugun injustizia eta azpirazioei amaiera eman behar dion Euskal Herria?
Erantzuna ezezko borobila da. Estatuak Euskal Herriari inposatzen dion legedia eta instituzioei ezezkoa. Jabetza pribatua eta Euskal Herriko langileon esplotaziori ezezkoa. Euskal Herriaren lurralde banaketa, bere kultura, hizkuntza eta denaren gainetik gure nazioa izaeraren ukazioari ezezkoa. Euskal Herria jazartzen duten eta honi arrotzak zaizkion instituzio politiko, juridiko eta militarrei ezezkoa.
Konstituzioa espainiar eta euskal burgesiaren zapalkuntzarako bermea eta Euskal Herriaren askapenerako marra gorria baita, Euskal Herriko langileon etsaiek uko egingo ez diotena. Euskal Herriko askatasuna ez baita estatuek emateko prest dauden hondarren esperoan dauden autonomismo eta instituzionalismotik etorriko. Hauen bitartez lortzen den edozer etsaiak ezarritako marko zein arauen eta, hortaz, onartzeko prest dauden mugen baitan ulertu behar baitugu. Legeak eta armak eskura izanda espainiar zein frantziar estatuek ez baitiote euren nagusitasunari ukorik egingo. Antzua suertatzen da etsaiarekiko elkar ulertzea edo honi gupidagatik erregutzea, borreroak bakarrik euren pribilegioak arriskuan dituztenean egoten direlako hitz egiteko prest. Eta hitz eginda ere, ez daukatelako Euskal Herri Langilearentzat ezer eskaintzerik.
Gauzak horrela, estatuek inposatutako instituzioa eta markoekiko apurketa da euskal Herriko langile orori geratzen zaigun aukera bakarra, benetan klaserik gabeko gizarte batean aurrerapausoak eman nahi baditugu. Eta apurketa horrek kontraboterea izan behar du oinarri. Koska ez baitago etsaiak eskaintzen dituen tresnak geure egin eta hortik askatasuna eraikitzean, baizik eta tresna hauen bitartez etsaiaren botereguneei eta instituzioei arrakalak eragiten dizkiogun bitartean, inposatutako arau eta espazioetatik kanpo Euskal Herriko langileon eskutik eraikitako, zuzendutako eta aurrera eramandako instituzio propioak eraikitzean baizik. Frantziar eta espainiar estatuen nagusitasuna deuseztatu eta euskal estatu independente eta sozialistaren sorburu izan behar direnak.
Bide horretan antolatzeko unea da. Bakoitzak ahal duen esparruan eta ahal duen heinean, baina inork egin lezakeen ekarpena gutxietsi gabe. Denon ekarpena baita beharrezkoa. Denon artean gorpuztu behar baitugu etorkizuneko Euskal Herri independente eta sozialista ahalbidetu behar duen prozesu iraultzailea. Euskal Herriari estatuak emateko prest ez dauden askatasuna erauzi behar dion borroka oinarri izan behar duena.
Gora Euskal Herria askatuta!
Gora Euskal Herri sozialista!