JARDUN koordinadora osatzen duten eragile desberdinek apirilaren 9rako manifestazioa deitua zeukaten Gernikan, aurtengo Aberri Eguna ospatzeko. Eta beste behin ere, Bizkaiko udalerrira gerturatutakoek independentzia eta sozialismoaren aldarria ozen eta irmo entzunarazi dute.
Hala ere, goizean, ASKE antolakundeak salatu du Nafarroatik zetorren autobusa birritan gelditu dutela, eta bertan zeudenak identifikatu. Honek ez du eragotzi, ordea, autobusa Gernikara manifestazioaren ordurako heltzea eta adarraren doinuarekin batera manifestazioari hasiera ematea. Hori horrela, bi errenkadetan kokatuta zeuden hogei joaldunen gidaritzapean eta ikurrinez eta bandera gorriz lagunduta, herri osoa zeharkatu du manifestaldiak.
Inongo ezuste edo arazorik gertatu barik, manifestazioa Pasealeku plazara heldu da. Bertan, ekitaldi politikoari eman zaio bide eta plazan bildutakoek Alderdi Komunista Txiletarraren (Ekintza Proletarioa) elkartasun mezua entzuteko aukera izan dute. Mezu horretan, borroka iraultzaileak erreformismoaren aurrea duen garrantzia azpimarratu da eta, horrez gain, gogora ekarri nahi izan dituzte orain dela 70 urte Txilera erbesteratu ziren euskaldunak. Ostean, bertso batekin jarraitu du ekitaldiak. Azkenik, JARDUNeko bozeramaileak koordinadoraren diskurtsoa zabaltzeko eta, gaurkoan ere, Euskal Herri Langilearen alternatiba bakarra independentzia eta sozialismoa direla gogorarazteko aukera izan du.
Ekitaldia bukaera emateko, “Internazionala” eta “Eusko Gudariak” abestu dira.