Idatzi honen bitartez, Donsotialdeako JARDUN Koordinadoratik, JARKI antolakundeko eta errepresioari aurre egiteko zein amnistia lantzeko sortutako ekimeneko militanteek propaganda politikoa jartzeagaitik isun ezberdinak jaso izana eta isun hauen izaera salatu nahi dugu.
Salaketak Aste Nagusiaren testuinguruan, Iñaki Bilbao “Txikito” euskal preso politikoaren gose grebarekin elkartasuna adierazten zuen pankarta bat jartzeagatik ezarriak izan ziren. Oraingoz identifikatutako 3 kideri iritsi zaie isuna eta 1200€-ko kantitatea eskatzen diete guztira. Salaketa hau, Udal Ordenanzako 42.2 artikuluan jasotakoaren arabera ezarria izan zen. Bertan udaletxearen baimenik gabe eta gaitutako guneetatik kanpo publizitatea jartzea debekatzen da. Bi baldintza hauek beteta ere, izaera politikoko publizitatea jartzea espresuki debekatzen da, hauteskunde kanpainak edo esangura bereziko kultur gertaerak izan daitezken egun gutxi batzuetan izan ezik. Hau arau-hauste larritzat zehazten da, inolako xehetasun eta arrazoirik gabe, puntu bakar moduan gutxieneko 10.000€-ko kalteak eragiten direnean aplikatzen dela zehaztuta.
Irmoki salatu nahi dugu artikulu honek, botere politikoan dauden alderdien aldetik, hauen interesen aurkako antolakunde politikoen jazarpen politiko eta ekonomikoa ahalbidetzen duela. Alde batetik, propaganda politikoa legalki jartzeak, udaletxeko funtzionari baten baimen esplizitua eskatzen du eta honek sektore jakin batzuen aurka egiteko zilegitasuna ematen dio, askatasun politikoen aurka egiten duelarik honek, bide publiko eta hiri paisaiaren babesaren izenan. Bestetik, argi dago udalak arau-hauste honen zigor ekonomikoa arbitrarioki zehazten duela eta neurrigabea dela, mekanismo hauen bitartez antolakunde politikoak eta bere militanteak ekonomikoki itotzea helburu duelarik.
Amaitzeko, aipatzekoa da honelako egoeretan, salaketa jasandako pertsonek jarritako propagandaz haratago, inguruan aurkitzen duten gainontzeko propaganda guztia kentzeko erabiltzen dutela egoera, udalaren helburu nagusia den jazarpena gainontzeko eragileen aurka burutzen dutelarik.
Guzti honen erantzuleak Donostiako udaletxean botere politikoa duten alderdiak dira zuzenki eta bestelako eragileak zeharka hauen isiltasunarekin zilegitasuna ematen baitiote lege eta adminstrazio horri.