ASKE-k irailaren 10ean Donostian ospatzen diren Estropadetan manifestaziorako deialdia luzatu du

ERREPRESIOAREN AURREAN, AMNISTIA OSOA

Euskal Herri Langileak bere egunerokotasunean frantziar eta espainiar estatuengandik edonolako antolakuntza iraultzaile indargabetzeko eta beraien kontrol soziala
mantentzeko errepresioa jasaten du. Horrela, hainbat izan dira urte hauetan bi estatu
zapaltzaile hauek beraien doktrina errepresiboa gogortzeko aurrera eraman dituzten
neurriak. Frantzian, egunerokotasuneko biolentzia poliziala gogortzeaz gain,
militantzia politikoa jazartzeko neurri berri bat sortu dute. Poliziak zenbait metrotara
pertsona “susmagarri” bat antzemanez gero, haren mugikorraren kamara eta
mikrofonoa pizteko eskumena duela arautzen du neurri horrek. Bestalde, espainiar
estatuak instituzioetatik kanpo eta beraien dominazio sistema iraultzea helburu duen
militantzia politikoa jazartzeko eta suntsitzeko estrategiarekin darrai. Era horretan,
asko izan dira antolakuntza iraultzailea suntsitzeko baliatzen duten Audientzia
Nazionaletik igaro diren pertsonak, eta beste hainbat grebetan, manifestazioetan edo
salaketa ekintzetan parte hartzeagatik isunduak eta epaituak izan diren militanteak.

Hori gutxi balitz, ehundik gora preso politikok oraindik ere espainiar eta frantziar
estatuen atzaparretan jarraitzen dute, kartzelak suposatzen duen eguneroko
jazarpena pairatuz. Horrekin batera, kontuan hartu behar dugu zenbait preso eta
preso ohi epaiketen zain daudela oraindik, berriz ere espetxera bueltatzeko edo
espetxean egonda beste hainbat urte igarotzeko arriskuan aurkitzen direlarik.

Horren guztiaren aurrean, beharrezkoa dugu amnistiaren aldarrikapena kalera atera
eta Euskal Herri Langileak pairatzen duen errepresioa gainditzeko alternatiba gisa
mahaigaineratzea. Izan ere, amnistiak aldarrikapen gisa estatu burgesen bitartez
Euskal Herriak pairatzen duen errepresio oro salatzeaz gain, zapalkuntzatik askatzeko
aurrera eramaten den Euskal Herri Langilearen borroka zilegiztatzen eta aldarrikatzen
du. Horrela, amnistiak preso, errefuxiatu eta deportatu politikoen askatasuna
suposatzeaz gain, Euskal Herri Langileak bere askapen prozesuan pairatzen duen
errepresio forma oro deuseztatu eta aurrera eramandako borroka onesten du.
Horregatik, irailaren 10ean Donostiako Bulebarretik abiatuko den manifestazioarekin
kaleak hartuko ditugu, amnistia osoa aldarrikatuz.

Errepresioaren aurrean, Euskal Herriak amnistia osoa!