2019ko azaroaren 5ean, Voxeko faxistak bertaratu ziren Bilboko kaleak lohitzera, Atxurin mitin bat burutzeko asmoarekin. Hainbat izan ziren faxistei aurre egitera bertaratutakoak. Betiko moduan, faxistek txakurrak eduki zituzten euren alde, euren gorroto diskurtsoa plazaratzen dutela bermatzeko eta, aldi berean, honi aurre egiteko edozein ekimen antifaxista zapuzteko asmoarekin. Horrela, hiru izan ziren atxilotutakoak eta 6 identifikatuak 2019ko azaroaren 5 hartan; 9 bilbotar denera.
Eta 3 urte beranduago, 2022ko abenduan, 9 dira faxismoaren mesedepean diharduen espainiar justiziaren aurrean epaituak izatera deitutakoak. Egotzitako delituen artean, gorroto delitua, hauteskunde delitua, autoritateari erresistentzia eta honen aurkako atentatua, mehatxuak, lesio arinak eta ekintza elektoralaren alterazioa daude. Argi ikusten da epaitegiek zeinen ikuspuntua babesten duten, Vox alderdi faxista honen jakitun izanda ederto baliatzen dituelarik, Euskal Herriko mugimendu iraultzailearen aurka estatuak aurrera daraman estrategian bere papera jokatzeko orduan.
Era berean, aste honetan muntaia judizial honek beste buelta bat eman du, epaiketa Bilboko penalaren 4. auzitik Audientzia Probintzialera igaro denean, horrek suposa dezakeen zigorren larritzearekin bat. Era horretan, ASKE antolakundetik, epaitutako pertsona orori gure elkartasuna eta erabateko babesa helarazteaz gain, faxismoari aurre egitearen zilegitasuna eta beharra azpimarratu nahiko genuke. Izan ere, faxismoari aurre egitea ez da delitua.