Asier Guridi gose greban

Asier Guridi Zaloña euskal errefuxiatu politikoak bere bigarren gose greba abiarazi du, epe laburrean. Aurreko gose greba bere errefuxiatu estatusa lortzeko jarri zuen martxan, eta Venezuelako gobernuak estatusa onartu eta formalizatu ostean, bertan behera utzi zuen gose greba. Oraingo honetan, bere identitatea eta semearena lortzeko hasi du gose greba espainiar kontsulatuaren aurrean, identitate propiorik ez edukitzeak bere bizitza aurrera eramateko beharrezkoak dituen baldintzak garatzea galarazten baitu.

Asier 1992an atxilotua izan zen, espetxean 5 urtez bahituta egon zelarik. 2001. urtean, Espainiako estatuaren errepresioa beste behin ere sufritzea ekiditeko, bere herritik ihes egin eta Venezuelara inongo identitaterik gabe bizitzera joan behar izan zen. Orduz geroztik, inolako dokumentazio edo identitaterik gabe egon da bizitzen.

Beste behin ere, agerian geratzen ari da espainiar estatuak bere boterea zalantzan jartzen duten militanteen kontra aurrera eramaten duen errepresioa. Izan ere, aurrera eramaten ari den jazarpenaren ondorioz, errefuxiatu politiko bat beste behin ere bere herritik milaka kilometrotara egotera kondenatzeaz gain, bere bizitza arriskuan jartzera bultzatu dute, bere aldarriak entzun eta bete daitezen gose greba bat egitera beharraraziz.

JARDUN koordinadoratik elkartasuna adierazi nahi diogu Asier aurrera eramaten ari den borrokari eta, era berean, Espainiako estatuaren errepresioa salatu nahi dugu. Izan ere, Euskal Herria klase zein nazio parametroetan zapaltzeaz gain, honen aurrean borrokatzeko hautua hartzen duten militanteen aurka bere eskuetan duen makineria errepresibo guztia erabiltzen du. Bukatzeko, preso, errefuxiatu eta iheslari politikoen askatasuna aldarrikatu nahi dugu, horretarako amnistia ezinbesteko lorpena izango delarik. Amnistiak Euskal Herri Langilearen zapalkuntzen gaindipena suposatuko baitu, bide honetan, preso, errefuxiatu eta iheslari politikoen askapena ezinbestekoa izango delarik.

Gora Euskal Herria askatuta

Gora Euskal Herria sozialista