Espainiar eta frantziar estatuak azpiraziorako tresnak ditugu. Espainiako eta Frantziako burgesiaren proiektu politikoaren gauzapenerako tresnak, alegia. Esplotazioa betikotzeko tresnak, alegia. Langileriaren aurkako esplotazioa bermatu eta euren proiektu politikoarekin edota euren posizionamenduen aurka dauden ororen kontra jotzeko tresna, alegia. Horrela, Euskal Herriaren kasuan, estatu hauek langile klasearen esplotazioa eta burgesiaren nagusitasuna bermatzeko egiturak izateaz gain, Espainiako zein Frantziako burgesiaren proiektu politikoari jarraiki, Euskal Herriaren ukazioa dute oinarri; Euskal Herria nazio gisa euren proiektu nazionalaren baitan disolbatzeko hamaika bitartekari baliatzen dituztelarik, asimilazioa xede.
Hau guztia, Euskal Herriko burgesiaren isiltasunaz haratago, bere konplizitate eta kolaborazioarekin ematen da. Hamaika dira Euskal Herriak dituen borreroak eta hauen karetak. Horrela, Euskal Herria nazio gisa espainiar eta frantziar estatuen menpe dagoen arren (bitartean), zapalkuntza hau klase gatazkaren baitan ulertu behar dugu. Euskal Herriko langileok nazio parametroetan ustez bertoko burgesiarekin loturak eduki ditzakegun arren, burgesia honek langileak egunerokotasunean zapaltzerako orduan jokatzen duen paperagatik, zanpatzen gaituzten estatuetako burgesiarekin eta bere proiektu politikoarekiko jokatzen duten kolaborazio paperagatik, ezin ditugu, inolaz ere, langile klaseak pairatzen duen inolako zapalkuntzarekiko aliatu edota bidelagun gisa ulertu. Haientzat naziotasuna, estatuen partetik hobariak lortzearren presiorako darabilten izaera folkloriko edota kulturaleko aitzakia da, termino historizista edota etnikoetan oinarritzen dutelarik. Baina Euskal Herriko langileontzat naziotasuna gure identitatea eraikitzeko parametro ideologikoetako termino politikoa dugu, Euskal Herriko langileon nahiaren eta oinarri materialen isla dena. Azken finean, Euskal Herria nazioa da, nazio izateko borondatea duelako.
Gauzak horrela, ulertu behar dugu Euskal Herriak ukazioa, asimilazioa, kontrol soziala, errepresioa, esplotazioa besterik ez duela jasoko estatu burgesaren partetik. Horretarako bere hizkuntza, bere kultura, azken finean, bere identitatea lausotu eta deuseztatzerako bitartekariak jarriko dituztelarik estatuek. Gure lurraldeak eta probintziak administratiboki banatuz, euskararen aurka zuzenean joz, euren instituzioak inposatuz, euren zipaioak baliatuz herri langilearen aurka jotzeko, euren nagusitasuna mantentze aldera. Hori baita euren eskaintza bakarra, hori baita Euskal Herriko zein munduko langileriarentzat burgesiak duen eskaintza bakarra, otzantasunean oinarritutako sumisioaren bidezko esplotazioa. Horrela estatua, egunerokotasunean pairaturiko zapalkuntza, injustizia oro zuritzeko eta ezkutatzeko bitartekaria da burgesiarentzat, euren orden soziala bake faltsuaren bitartez mantentzen duten bitartean.
Honen aurrean, hamaika izan dira Euskal Herriaren historian zehar zapalketari aurre egin eta herri honen askapena erdiesteko egindako saiakerak. Dema horretan, independentzia eta sozialismoaren alde borrokatu, eta estatuen inposizioei aurre egitearren urte luzez errepresioa, jazarpena, tortura, atxiloketak, espetxeratzeak, erbestea edota erailketak ezagutu izan dituzte herri honetako hainbat eta hainbat belaunaldik. Baina burututako borrokaren memoria gogora ekartzera mugatzeaz haratago, guri dagokigu borrokan aritutakoen lekukoa hartu, geure egin eta Euskal Herriaren benetako askatasuna, herri honetako langileon benetako askatasuna erdietsi eta ekarri behar duen prozesu iraultzailea muturreraino eramatea. Era berean, ez da nahikoa borrokan jarraitzearekin. Euskal Herriko langileon proiektu politikoaren gauzapena, gure askapena, herri honen askatasunaren alde borrokan aritutako gudarien askatasunaren eta eurek aurrera eramandako borrokaren zuzentasunaren onarpenaren eskutik dator, Euskal estatu independiente eta sozialistaren gauzapenerako amnistia halabeharrezko baldintza delarik.
Estatu kapitalista burgesiaren proiektu politikoaren gauzapenerako tresna den bezala, JARDUN Euskal Herriko prozesu iraultzailea Euskal Herriko langileriaren proiektu politikoaren gauzapenerako tresna bilakatzea lortu behar dugu. Eta hori, norbanako zein kolektibo ezberdinen engaiamendu, parte-hartze eta kolaborazioaren bitartez lortuko dugu bakarrik; denok baitaukagu prozesu iraultzaile, askapen prozesu honi ekarpena egiteko, inor ez baita ezinbestekoa, baina denon parte-hartzea beharrezkoa da. Bakoitzak ahal duen heinean, ahal duen esparruan, era xumean bere ekarpena eginez, estatuaren botere-guneak higatu, kolpatu eta apurka-apurka langileon kontra-botererako espazioak eraikitzerako bideko lankidetzak, sareak eta dinamikak martxan jartzea beharrezkoa du Euskal Herri Langileak. Horrela, langileriaren engaiamendua lortzearekin batera, prozesu iraultzailean apurka-apurka sakontzeko aukera izango du Alternatiba Iraultzaileak. unean uneko baldintza eta beharrizanen arabera, antolakuntza eta borrokarako marko ezberdinak martxan jarriko dituelarik Alternatiba Iraultzaileak, izaera integraleko tresna bilakatuz.
Alternatiba Iraultzailea espainiar eta frantziar estatuarentzat, burgesiarentzat, euren proiektu politikoaren parte diren elementuentzat, mehatxua eta arriskua suposatzen duen izaera suntsitzaileko tresna den bitartean, langileriarentzat bere helburu politikoak, bere xedeak, bere askapenerako eta esplotazio forma ororekin amaitzeko izaera eraikitzaileko tresna da. Eta printzipio honen pean arituta, hau gauzatzeko bitartekariak mahaigaineratu eta martxan jarri behar ditu. Gauzak horrela, herri langilearen esku dago bere zapalkuntza egoera iraultzea eta horretarako derrigorrezkoa da langileok prozesu iraultzailean parte hartze aktiboa izatea. Bide horretan, konpromisoa oinarri, era antolatuan borrokan diharduen militante iraultzailearen figura dugu. Azken finean, militante iraultzailea, langileoi egunerokotasunean erasaten diguten zapalketa eta injustiziei aurre egiteko dinamika ezberdinen partaide eta motore izan behar da. Injustizia existitzen den bitartean, miseria eta azpirazioa eguneroko ogia diren bitartean, elkartasunaren eta konpromisoaren eskutik gauzatuko da militantzia iraultzailea. Zapalkuntzaren aurrean edozein militante iraultzailerentzat ez baita aukera bat, betebehar bat baizik.
Etsaia argi eta garbi identifikatu behar dugu, zapalkuntzaren muinera jo eta hau benetan borrokatu nahi baldin badugu. Ezin ditugu burgesiaren zein estatuen iruzur eta promesa faltsuak irentsi. Langileriaren sufrimendua eurentzat atsekabea baino, euren ekintzak justifikatzeko beste tresna bat baita. Orain dela 86 urte faxistek Gernika bonbardatu eta xehetu ondoren, hau gorriek erre zutela saldu nahi izan zuten bezala. Euskal Herriaren sufrimendu eta faxismoaren erresistentziaren ikur gisa herri honen adimenean errotutako sarraskia baliatu eta berenganatu nahian darabilte NATOren aliatu faxistek, euren ekintzak zuritu eta justifikatzeko asmoarekin. Baina, guk ez dugu gerra zilegiztatzen duen iruzurrik onartuko. Ez dugu langileon esplotazioa ahalbidetzen duen ongizate estatuaren iruzurrik onartuko. Ez dugu sistema irauli nahian diharduten borrokalarien aurkako jazarpenaren legezkotasunaren iruzurrik onartuko. Ez ditugu zuen gezurrak sinisten. Horregatik, langile klasearen azpiratzeak dirauen bitartean, Euskal Herriak nazio gisa ukatuta darraien bitartean, hortzak estututa parean izango gaituzue. Euskal Herriko langileok dugun egi bakarra, gure askapena gure borrokaren emaitza izango dela baita. Eta egi horren pean argi eduki Euskal Herrian langileok pairatzen dugun esplotazio forma ororekin bukatu behar duen prozesu iraultzailea gauzatu gauzatuko dela; prozesu iraultzailearen egikaritzea langileontzat Euskal estatu independente eta sozialista delarik. Horregatik, JARDUN-etik guk argi daukagu, Euskal Herriko langileontzat alternatiba bakarra independentzia eta sozialismoa.
Gora Euskal Herria askatuta.
Gora Euskal Herria sozialista.