2021eko Aberri Eguneko hitzaldia

Soka, lepoaren inguruan ondo estututa dauka egun Euskal Herri Langileak. Pasa den urtean Aberri Eguna etxean giltzapetuta igaro behar izan genuen eta gaurkoan ere, Covid-etik eratorritako egoera, kapitalak Euskal Herri Langileari opa dionaren isla baino ez da. Izan ere, krisialdi ekonomikoa medio, Euskal Herri Langileak pairatzen dituen bizi baldintzak kaskartuz doaz. Herri langilea sosik gabe, lan barik edota bertan gero eta lan baldintza okerragoak onartu beharrean dago biziraun nahi baldin badu. Garbi eduki behar baitugu kapitalaren jokoan langileriarentzat bere lan-indarra saltzea ez dela hautazko elementu bat, beharrezko elementu bat baizik, honek bere lan-indarra saltzen ez baldin badu, gosez hiltzeko arriskua baitauka.

Gaur Aberri Egunerako Gernika hautatu izana JARDUN-entzat ez da edozelako hautua izan, hautu sinboliko bat baizik. Udalerri hau Euskal Herriak historikoki pairatutako jazarpen eta borrokaren sinbolo baitugu. Hiri honetan antzinako euskal instituzioen oroitarriak egoteaz gain, faxistek eragindako samin eta sugarren artean eratorritako kemena dugu. Gernika Euskal Herri Langileak historikoki pairatutako zapalketaren erakusgarri garbia baita eta baita, Euskal Herri Langileak bere askatasunaren alde historikoki burututako borroka ezberdinen gunea. Hau da, ez dugu sufrimenduaren sinboloa bakarrik, Euskal Herri Langilearen borrokarako prestutasun eta borroka honen erakusgarri garbia baizik.

Era berean, JARDUN koordinadorak garbi dauka sukaldeko lanaz haratago une honetan era isilean baina jarraian burutzen ari den antolakuntza lanaz haratago, badela garaia plazara atera eta jardun publikoari ekiteko. Bada garaia herri langileari alternatiba iraultzailearen lanaren inguruan informazioa eman eta erreferentzialtasuna lantzen hasteko. Bada garaia herriarengana jo eta honekiko kontaktu zuzena edukitzeko.

Erabat kontziente gara gaur Aberri Eguna Gernikan burutu izanak, sinbolismoaz haratago, askorentzat ezintasuna inplikatu duela. Lehendik aipatutako Covidetik eratorritako egoerak, Euskal Herri Langileak, Euskal Herriak pairatzen duen nazio zapalketa agerian utzi du. Izan ere, gaur hemen gauden gehienok espainiar estatuaren menpeko Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleak gara. Nafarroatik zein Iparraldetik etorritako jendea muga artifizialak tarteko, hau da, herri langilearen, Euskal Herriaren nazio kontzientzian eta nazio izaeran arrakalak sortu eta banaketa sustatzeko espainiar zein frantziar estatuek abiarazitako administrazio eraikuntzak oztopatuta, euren herrietan geratu edota oztopo horiek alde batera utzita ezarritako arauak hautsiz bertaratu behar izan dira.

Koordinadorak, bere jardun publikoari hasiera emateko Aberri Eguna hautatu izana ere, ez da izan zorizko erabakia. Aberri Eguna alderdi zehatz bati uztartutako kutsu erlijiosodun egun batetik abiatu bazen ere, herriak bere egin eta frankismo garaian erresistentziaren ikur eta gerora iruzur konstituzionalaren ondoren, herri langilearen, Euskal Herriaren nazio izaeraren batasun elementu bilakatu zen. Hau da, datek sinbolismoari dagokionez bilakaera bat izaten dute denboran zehar eta Euskal Herri Langileari dagokio, Aberri Egunaren sinbolismoa, nazio auziaren aldarrikapena, herri langileak pairatzen duen zapalketaren azaleraztea eta euskal estatu independiente eta sozialistaren aldarrikapena egiteko data bilakatzea. Nazio auzia, Euskal Herri Langilearen auzia baita, eta Euskal Herri Langilearen auzia, klase auzia baita.

Beraz, beharrezkoa dugu antolatzea. Beharrezkoa dugu egun indarrean dagoen sektarismoa alboratzea eta hau gainditzea. Mugimendu iraultzaileak ezin baitu denboran betikotu edota luzatzen diren ika-miketan murgilduta iraun. Mugimendu iraultzaileak, Euskal Herriko langileriak, beharrezkoa du alternatiba garbi bat, bere proiektu politiko propioa eta bere ibilbide propioa plazaratzen duena, hau da, beharrezkoa du alternatiba sinesgarri bat. Eta sinesgarritasun hori interes alderdikoietatik haratago, egun indarrean dauden ezinikusiak alboratu eta batasuna sustatuz bakarrik lor daiteke. Beharrezkoa da bakoitzak nahi duen esparruan eta emateko prest dagoen heinean antolatzea. Euskal Herri Langilearen parte hartze aktiboa eta hau sustatu eta bermatzeko antolakuntza esparruak abiatu behar dira. Betiere, klase perspektiba oinarri izanda, proiektu amankomun baten pean eta funtzionamendurako oinarri adostu baina argien pean.

Arrazoiaz eta diskurtsoez haratago, maila lokaleko zein nazionaleko lan jarraia baita alternatiba iraultzaileari herri langilearen begietan sinesgarritasuna, eta hortaz, honekiko zilegitasuna emango dion elementu erabakigarria. Hemen ez baitago errezeta magikorik. Herri langileak, lanean eta borrokan diharduen alternatibak bakarrik babestu eta sustatuko baititu. Herri langileak behar duen alternatiba, lanean eta konfrontazioan bere ezinegonei eta erasaten dien problematikei erantzunda bakarrik eraiki ahal izango baitugu eta alternatiba horrek hain zuzen ere herri langilearen, Euskal Herri Langilearen parte hartze aktibotik eraikia eta eratorria izan behar du.

Horretarako, apurka-apurkako aktibazio eta ideologizazioa sustatzeko, beharrezkoa dugu mobilizazioa. Beharrezkoa da kalera ateratzea, beharrezkoa da gu kalean presente egotea, beharrezkoa da egunerokotasunean langileei erasaten dieten problematiketan parte hartze aktiboa izatea eta, hain zuzen ere, bide horretan gaude gu gaur hemen.

Hitz ederretatik haratago, itxaropen hutsalean oinarritutako diskurtsoen salmentetatik haratago, guk garbi baitaukagu egintzetan oinarritu behar dela lan egiteko daukagun prestutasuna eta era horretan, une honetan hiru dira alternatiba iraultzaileak egungo panorama politikoan antzematen dituen gabeziei erantzuteko martxan jarritako ekimenak.

Hasteko, eta gaur lehenengo hitzaldian argi ikusi den moduan, Euskal Herriko emakume langileen problematikei erantzun behar dien antolakunde iraultzaile bat jarri behar da martxan. Klase feminismoa jorratuko duen antolakunde bat, baina, betiere, klase feminismoa alternatiba iraultzailearen proiektu politikopean eta estrategia amankomun eta adostu baten pean landuko duena era identifikagarrian.

Bigarrena, eta JARKI antolakunde iraultzaileko kideek aipatu duten bezala, alternatiba iraultzailea prozesu iraultzailean sakontzen doan heinean, garbi eduki behar dugu, estatuen hatzamarkadak pairatuko ditugula eta hauek prozesu iraultzaileak aurrera egiten duen heinean askoz ere bortitzagoak izango direla, bai izaera administratiboan, judizialean zein biolentoan. Ez gaitezen engainatu, estatuak komeni zaionean, erabateko inpunitateaz ikusten denean edota bere burua hormaren kontra aurkitzen duenean, ez dauka inolako zalantzarik pazifismoaren diskurtsoa kaxoian gorde eta herria, eta langileria, era gordinean jazartzeko, indarkeria berezkoa baitu estatuak. Horren erakusle ditugu bai frantziar zein espainiar estatuetako kartzeletan, Euskal Herriaren alde, Herriaren askatasunaren alde borrokatzeagatik, erabateko konpromiso eta engaiamenduaren ikur izanda, bahituta eta espetxeratuta dauden preso politikoak. Era horretan, eman daitekeen errepresioari eta jada Euskal Herri Langilea pairatzen ari den errepresioari zein honen ondorioei erantzuna emateko beharrean aurkitzen da alternatiba iraultzailea. Hori dela eta, beharrezkoa da estatuen jazarpenari hortzak erakutzi eta hau salatu eta agerian utziko duen, zein preso politikoen eta errepesaliatu ororen, ez bakarrik eskubide, baizik eta haiek burututako borroka eta proiektu politikoaren babesa burutuko duen antolakundea martxan jartzea. Horretan ere zentratuko da alternatiba iraultzailea hurrengo hilabeteetan, estatuen nagusitasuna eta jazarpena neutralizatze bidean, eta herri honek estrategikoki halabeharrez erdietsi beharreko amnistia eskuratzerako bidean.

Bukatzeko, kontziente gara alternatiba iraultzaileak une honetan bere lehenengo hastapenetan diharduela. Asko daukagu egiteko, eta aurretik aipatutakoak, intentzioak baino, une honetan gauzatzen ari diren ekimenak dira. Baina, hala ere, kontziente gara bai denbora, konpromiso edota norbere egoera dela eta, askok, alternatiba iraultzailean parte hartu edota ekarpena egin nahi izanda ere, oraindik ez daukatela bertan aritzeko espaziorik. Eta hain zuzen ere, alternatiba iraultzailearen aurtengo helburu nagusia berau lagundu edota beronetan parte hartu nahi duen edozein antolatzeko eta lan egiteko aukera izateko markoez hornitzea da. Hau da, masa borroka landuko duen eta alternatiba iraultzailearen bizkarrezurra eta bozgorailua izan behar diren antolakuntza markoak jarri behar ditugu martxan. Hemen inor ez baita ezinbestekoa baina denok baikara beharrezkoak eta zentzu horretan, alternatiba iraultzaileak, bakoitzak ahal duen heinean eta duen prestutasun mailaren araberako eta egungo errealitatera egokitutako antolakuntza esparruak eskaini beharra dauka.

Oraindik ere ibilbide luze, eta malkartsua baitaukagu aurretik. Baina ziur egon, kemenaz eta irmotasunaz jorratzeko prest egongo garela. Herri honek, herri langileak, aurrera egiteko prestutasun osoa baitauka. Herri langileak antolatzen diharduen bitartean, borrokan diharduen bitartean, alternatiba iraultzaileak bere horretan iraungo baitu, Euskal Herri Langilearen proiektua ez baita bidean galduko. Euskal Herri Langilearen nazio zapalketari erantzungo dion independentziaren bidean, Euskal Herri Langilearen klase zapalketari erantzungo dion sozialismoaren bidean, klaserik gabeko gizartearen bidean, borroka baita bide bakarra. Borrokan dirauen orok merezi baitu askatasuna. Euskal Herriak borrokatzea besterik ez baitu Euskal Herria aske izan arte. Klase gatazkak, klase zapalketak dirauen bitartean, borrokatzea baita zio bakarra.

Gora Euskal Herria askatuta!

Independentzia ta sozialismoa!