Sozialismoa eta klase gatazkaren gainditzea

Harreman ekonomiko kapitalistetan esplotazioa da legea. Langileok, ekoizpen baliabideen jabetza ez dugunok, gure lan-indarra dugu soilik saltzeko. Eta nori? Jabeei, burgesei. Estatu kapitalistak ere badira jabeak. Langileon lanetik ateratako gainbalioarekin hasita, kapital metaketa izugarria burutzen hasi ziren duela mende batzuk (mendebaldean bereziki). Egun nazioarte mailako kapital sareak, monopolioak barne, izugarriak dira. Estatu kapitalista askok baino koertzio ahalmen handiagoa dute kapital talde nagusiek, industria eta banku kapitala barnebiltzen dituen finantza kapitalak gidatuta.

Klase burgesak estatu kapitalisten baitan duen boterea itzela da. Bere helburuetara zuzenduta dago administrazio osoa, baita legedia ere. Egitura honetan kokatu daiteke, adibidez, tokian tokiko hezkuntza sistema. Egitura publikotik at, sektore pribatuaren bidez ere langileria eta zapalduoi propaganda itzela iristen zaigu. Ideologia zapaltzailea barneratzen dugu, sistemaren alternatibarik ez dagoela sinistuz.

Gure kasuan, estatuez gain europar mailako oligarkiaren proiektu politikoa Europar Batasuna da. Elkarlan ekonomikoaren izaeratik abiatu zen proiektu honek, gainegitura politiko eta judizial osoa baldintzatzen du egun: estatuetako legedia, jarrera politikoak koiuntura politikoaren aurrean… Aspektu ekonomikoak ahaztu gabe: kapitalisten mesedeetara zuzendutako neurri amaigabeak, zapalduon egoera gero eta gehiago okertzen dituztenak. Egungo Europar Batasunaren baitan ez dago kapitalismoaren alternatiba politiko integralik bideratzerik. Haien legediak argi ezartzen du merkatu askatasunak zer nolakoa izan behar duen, eta hau bete ezean zigorrak prest dituzte.

Ondorioztatzen dugu, beraz, sistema kapitalistaren baitan langileen kontrako jazarpen egoera mantenduko dela, esplotazioa sistemaren izaeraren baitan errotzen den ezaugarria baita. Esplotazio ekonomikoaz gain, ezin ditugu ahaztu lan istripuak, lan baldintza ustelak, egonkortasun eza, langile antolaketarenganako mehatxu eta jazarpena, edota munduan zehar egun existitzen diren lan baldintza esklabistak, besteak beste. Ez dago kapitalismoa zibilizatzeko biderik, bere oinarrian zapalkuntza aurkitzen delako. Errealitate honen aurrean, antolaketa forma propioak osatzera bideratu behar dugu gure lana.

Egoera hau iraultzeko gure ekarpena gure herritik bertatik hastea da lanketa ideologiko eta praktikoaren bidez. Bertako esplotatzaileak haien posizio zapaltzailetik atera behar ditugu, gure herriko baliabideak partekatuz eta Euskal Herrian dauden nazioarteko kapital inbertsioak moztuz. Aske bizitzeko, klase gatazkarekin amaitzeko, ez dago erdibideko irtenbiderik: ekoizpen baliabideak sozializatu ezean beti egongo gara hauen jabeen menpe. Antolaketa asko dago egiteko momentu horretara iritsi arte.

Ekoizpen baliabideen sozializazioa gauzatzea konfrontazio zuzenean sartzen da klase menperatzaileen interesekin. Ondorioz, kontziente izan behar gara indarrean dagoen boterearen eskutik ez dagoela gure helburuak betetzeko espaziorik. Hau dela eta, presente eduki behar dugu (nahiz eta egungo egoeran fikzio bat suposatu), gure esfortzuak etorkizun batean boterea hartzera bideratuta egongo diren mekanismoak diseinatzera bideratuta egongo direla.

Argi dago gaur egun boterea hartzea teoriaren esparrura mugatuta dagoen ideia dela. Hala ere, ideia hau gure perspektiba ideologikoaren baitan mantendu behar da ezinbestez. Egun posible ez bada ere, soilik herri honen borondatearen esku dago baldintza eta testuinguru hori sortzea lan politiko konstante eta apalaren bitartez.