Klase feminismoa, emakume langileon zapalkuntzari erantzuna

Emakume langileok kapitalarengatik pairatutako zapalkuntzaren afera gainditzea du helburu klase feminismoak. Kapitalismoak bereganatu eta moldatu egin ditu aurretik existitzen ziren harreman patriarkalak, hau da, emakume eta gizonen arteko dominazio harremanak, emakumearen zapalkuntza behin eta berriz birproduzitzeko: egunerokotasuneko mespretxu keinuetatik abiatuta, gizonek burututako sexu-eraso eta emakumeen erailketak barne.

Sexu-generoen arteko dominazio harreman horiek baliatuta, kapitala emakumearen lan birproduktiboaren gaineko kontrola bermatzeaz arduratu da. Hori dela eta, birprodukzio sozialean dago emakume langilearen auziaren gakoa, bera baita jardun birproduktiboaz, hots, lan-indarra berreskuratzeko beharrezkoa den zaintza lanaz arduratu behar dena: janaria prestatzea, arropa garbitzea, zaintza emozionala… Era berean, emakumearen ugaltzeko gaitasuna ere baliatzen du kapitalak, lan-indarraren belaunaldi berriak ziurtatuz sistema produktiboaren etorkizuneko jarraikortasuna bermatze aldera.

Hori gutxi balitz, emakumeek gizonekin batera produkzioan parte hartu beharra dute, burgesiak etekin bikoitza lortuz horrela. Asmo horrekin kapitalismoak jarduera birproduktiboa eta produktiboa uztartzea lortu du, ahalik eta esplotazio maila handiena burutuz baina, aldi berean, lan-indarraren birprodukzioa arriskuan jartzea saihestuz. Izan ere, emakume langilearen jardun birproduktiborik gabe, burgesia lan-indarraren iturririk gabe geratuko litzateke eta, horrenbestez, esplotatzeko klaserik gabe.

Gainera, burgesiak eskura dituen esparruak baliatzen ditu, hezkuntza, familia, hedabideak… ideologia dominatzailea inposatuz, emakumearen jazarpen egoera nahiz klase ezberdintasunak bermatzeko. Esate baterako, emakumeari egokitu zaio familiako gainerako kideen zaintza lanaren ardura. Burgesiak bere diskurtso feministarekin emakume burgesen eta langileen arteko batasuna bultzatu du, bakoitzaren klase izaera baztertuz eta emakumearen askatasunaren aldeko borroka eta klase borroka bateraezinak direla sinetsaraziz. Hala ere, emakume burgesek beti jardungo dute kapitalaren interesen mesedetan, haien pribilejioak edota klase posizioa arriskuan jartzea ekiditearren.

Hori dela eta, klase feminismoa aldarrikatzen dugu, ezinbestekoa baitugu emakume langilearen aferari klase parametroetan aurre egitea, borroka feminista kapitalaren kontrako borrokaren baitan kokatuz. Izan ere, sistema ekonomikoaren errotiko eraldaketak ahalbidetuko du bakarrik emakume langilearen nahiz langile ororen askatasuna.

Argi izan behar dugu borroka feminista ezin dela era isolatuan ulertu, borroka global iraultzaile baten parte bezala baizik. Horregatik, zapalkuntza harremanak suntsitzeko bidean, klase ikuspegitik jorratu behar dugu feminismoa, sexu-genero gatazka gainditu eta langile guztion parekidetasunean oinarrituriko gizartea eraikitzeko.

Horretarako abiapuntua klase feminismoa hezkuntza eta pedagogia kritikoaren bitartez hedatu eta aldarrikatzean kokatzen dugu, gizarte honetan indarrean dauden balore matxistak iraultzeko. Baina ezin gara feminismo instituzionalak babesten duen parekidetasun faltsuaren defentsan erori, marko kapitalistaren baitan emakumeek zenbait eskubide lortu arren, emakume langilearen zapalketak bere horretan iraungo baitu. Diskurtso idealetatik haratago, gizarte honen oinarriak irauliko dituen borroka klase feminismoaren esparruan garatu beharra dago hortaz.

Era berean, gogoan izan behar dugu klase feminismoaren baitan kokatzen garenez gero, militantziaren esparruan birproduzitu daitezkeen sexu-genero arteko dominazio harremanen kontrako jarrera irmo eta aktiboa garatu behar dugula. Horregatik, egunerokotasunean emakume eta gizonen arteko militantzia parekide bat sustatuko da, bai dinamika militanteetan, bai arlo politikoan. Etorkizunari itxaron gabe, gaurdanik burutu ditzakegu aldaketa asko zapalkuntzen amaierari begira, gure jardunaren baitan hasten baita aldaketa.