Espainiar eta frantziar estatuek, Europar Batasunarekin batera, Euskal Herriaren existentzia eta izaera politikoa bera ukatzen dute. Ez soilik ukatu, baita zapaldu ere. Historiak erakutsi digu bi estatu hauek gutxiengo nazioenganako duten errespetua zer nolakoa den. Ez dago biderik haiekin batera gure izaera propioa aldarrikatu nahi badugu. Nazio askapena independentziaren bidetik dator ezinbestean Euskal Herriaren kasuan.
Argi izan behar dugu ukatua den sentipen nazionala prozesu sozial eta historiko baten ondorio zuzena dela. Euskal Herriaren garapen historiko eta sozialaren ondorioz sortu da sentimendu nazional bat, bere oinarria bereziki euskaran aurkitzen duena. Egun, espainiar eta frantziar estatuek beren izaera okupatzailea mantentzen jarraitzen dute, Euskal Herriaren askatasun nazionala ukatuz (zer esanik ez klase esparruan). Hau dela eta, euskaldunon izaera ukatzen dute etengabe.
Estatu hauen legediak berak gure existentzia ukatzen du, frantziar estatuak euskaldunon izaera eta hizkuntza ukatzen duenean, adibidez. Baita espainiar estatuaren kasuan ere, gure lurraldea Espainiaren egiturapean eta “Espainiar naziopean” jartzen duenean. Beraz, espainiar eta frantziarren izaeratik desberdinduta dagoen eta ukatua den kolektibotasun soziala (nazio zapalduaren forma hartzen duena) osatzen dugu.
Era berean, euskararen kontrako erasoek argi uzten dute espainiar eta frantziar estatuen partetik ez dagoela euskaldunon existentzia errespetatzeko borondaterik. Etengabeko errepresio kulturala jasaten dugu gure nortasunaren oinarri diren elementu ezberdinei eraso egitean. Horregatik, ezin dugu gure izaera propioa ukatzen duen markoan mantendu.
Gauzak horrela, Iparraldeko eta Hegoaldeko egoerak bereizi behar ditugu. Hegoaldean hizkuntza ofizialaren estatusa du euskarak. Nahiz eta sasi-ofiziala izan, Nafarroan euskara gutxiesten duten berezitasunak mantentzen dira. Modu orokorrean gaztelerak du lehentasuna hegoaldean. Iparraldean, euskara galzorian dago. Frantziar estatua eratu zenetik hizkuntza bakarra onartu zuen bertan: frantsesa. Hamaika dira euskarak bere biziraupen eta sustapenerako erakunde publikoen aldetik jasotzen dituen zailtasunak zein eraso zuzenak.
Argi dago, beraz, espainiar eta frantziar estatuek Euskal Herriaren izaera politiko, sozial eta kulturala ukatzen dutela. Hau horrela izanik, eta nazio sentipen desberdindu bat osatzen dugun heinean, ezin dugu estatu sasi-inperial hauek eskaintzen duten testuinguruan garatu gure borroka politikoa.
Gure izaera propioak ez du esan nahi beste herriak baino hobeak garenik. Ez gara txobinismo joeretan jausiko. Hala ere, hori ez da aitzakia euskaldunon kultura eta hizkuntza zapaltzeko. Ukazio honetatik sortzen da nazio askapenaren borroka, klase gatazkari elkarlotuta dagoena, eta dominazio erlazio bat suposatzen duen heinean gainditu egin behar dugu gure izaera bera ukatzen duen testuinguru politikoa.
Esan beharra dago nazio auzia, klase parametroetan ulertzen dugula. Horregatik, nazio askapena Estatu Sozialistaren eraikuntzatik pasatzen da. Ezin gara jausi burgesiak defendatu ohi duen independentzia prozesuen defentsan. Izaera nazionala bereganatzen duen klase burgesak, sentipen horrekiko aurkezten duen atxikimendua erabiltzen baitu bere interesak hobekien defendatzeko medio bezala. Ondorioz, defendatzen dugun nazio askapena, independentzia eta sozialismoaren eraikuntzan oinarritzen da. Ezinezkoa dugu askapen nazionala edota soziala burutzea, ez bada bi elementu hauek oinarri dituen prozesu batetik abiatzen.
Ez gara bi faseen arteko logikan murgilduko (lehenengo independentzia eta gero sozialismoa). Emakumearen askapenarekin batera, borroka berdinaren alde ezberdinak diren heinean, gure helburuak lortzea estatu sozialista eta independente baten eraikuntzan datza. Independentzia sozialismoaren eskutik izango da, edo ez da izango. Era berean sozialismoa independentziaren eskutik ematen ez bada, ez da benetako sozialismoa izango.