JARKI antolakunde iraultzailetik Amerikako Estatu Batuek eta Erresuma Batuak Yemengo herriaren kontra azken egunetan burututako eraso inperialista irmoki gaitzetsi nahi dugu.
Yemen, Ansarollah mugimendu herrikoia buru duelarik, Palestinaren kontra aurrera eramaten ari
diren genozidioari aurre egiteagatik izan da erasotua. Izan ere, azken hilabeteotan entitate sionista hornitzeko ezinbestekoak diren hainbat itsasontzi Itsaso Gorritik igarotzea ekidin eta ibilbide askoz ere luzeagoa egitera behartu ditu, afrikar kontinente osoa ingurararaziz eta ekonomia
sionista modu nabarmenean kaltetuz. Horren aurrean, entitate sionistaren sostengua den mendebalde kolektiboak ez du zalantzarik izan, eta Yemenen aurkako operazio militarra abiatu du.
Nabarmentzekoa da Yemengo herriak 2014tik pairatu duen esku-hartze inperialista, NATOk zuzendua
izan dena eta Arabiar Emirerri Batuek eta bereziki Saudi Arabiak burutu dutena. Herrialdea txikitu dute, azken urteetan munduan izan den krisi humanitario larriena eraginez. Zentzu horretan, are esanguratsuagoa da Yemengo herria erregimen arabiar atzerakoiei, sionismoari eta, oro har, indar inperialistei aurre egiteko erakusten ari den determinazioa.
Palestinako herria sarraskitua den honetan, Yemen internazionalismo ariketa eredugarria egiten ari
da, munduko herri langileontzat duintasun eta erresistentzia lezioa dena. Gaur gaurkoz, Palestina eta Yemen dira mendebalde kolektiboaren inperialismoaren aurkako borrokaren adierazpen gordinenetako bat. Ildo horretatik, aintzat hartu beharra dago potentzia inperialisten ahultzeak munduko herri langileek prozesu iraultzaileak martxan jarri ahal izateko baldintzak hobetzen dituela. Horrela, internazionalismo proletarioaren printzipiopean jardunda, sozialista iraultzaileontzat ezinbesteko eginbeharra da palestinar eta yemendar erresistentziak aurrera eramaten ari diren borroka balioestea eta honi gure babes osoa adieraztea.
Haien borroka geure eginda eta estatu espainol zein frantsesak okupaturiko nazioa izanda,
gure eginbeharra euskal burgesia borrokatzeaz gain estatu inperialista hauek, Europar Batasuna eta NATO eraistea da, mendebalde kolektiboaren inperialismoaren suntsiketan gure ekarpena eginez. Doakiela gure babesik zintzoena Palestinako eta Yemengo herriei, eta, oro har, Libano, Siria, Irak
eta Iranen sionismoaren eta inperialismoaren aurka diharduten indar guztiei.