JARKI-k Buruntzaldean, klase ekologismoaren inguruko kanpainarako egindako irakurketa

INGURUMENA KAPITALISMOTIK ASKATU BEHARRA

Kontsumismoa, alferrikako produktuen ekoizpena, etxebizitzen neurrigabeko eraikuntza amaigabea, erabilerarik ez duten komunikazio eta garraio azpiegituren sorrera, kostuak murriztearen ondoriozko kutsadura, kontrolatu gabeko isuriakā€¦ Ezaugarri guzti hauek izaki bizidun orori, atmosferari, lurrari eta urari kalteak sortarazten dizkiete, hau da, ingurumena bere osotasunean kaltetzen dute.

Ingurumena suntsitzen dituzten ezaugarri horiek kapitalismoaren garapenaren ondorio zuzena dira, kapitalismoak berak bai langileon bai baliabide naturalen esplotazioa ahalik eta gehien estutzen duelako, etekin kopuru handiena lortzeko helburuarekin. Azken finean, irabaziak bermatzeko, kapitalistek haien arteko norgehiagokan baliabide guztien esplotazioa muturreraino eramaten dute, baliabideen erabileraren ondorioz sorturiko hondakinak kontrolik gabe zabaltzen diren bitartean, atzera bueltarik ez duten eraldaketekin batera. Horrek, ingurumen arazo ezberdinak eragin ditu planetako bizitzaren zati handi bat arrisku larrian jarriz, gizartearen baitan langile klaseak jasaten dituelarik bizi baldintza okerrenak.

Buruntzaldean aski ezagunak dira enpresa pribatuen goseak sorturiko sarraskiak: Abiadura Handiko Trenak aldez alde zeharkatzen du eskualdea, helburu espekulatzailea duen etxebizitzen eraikuntzak ez du etenik eraikuntza sektorea elikatzeko kanterek mendiak jaten jarraitzen duten bitartean, eta nola ez, erraustegiak martxan darrai kostu-irabaziei begirako hiri eta industria hondakinen kudeaketa burutuz.

Egoera honen aurrean, ingurumenaren auzia klase ikuspegitik lantzea ezinbestekoa da, soilik merkatuaren kaosa eta kapitalisten tirania gaindituz garatu daitekeelako ingurumenarekiko harreman ez produktibista bat, ekoizpena langileriaren interesen menpe jarriz eta metaketa kapitalista itsua gaindituz, ingurumenaren legeak ezagutu eta ekoizpena hauen arabera antolatzearekin batera.