Tentsioa nabari zen 2021eko irailaren 25eko larunbat goizean Leitzako udalerrian. Guardia zibila zein sekreten presentzia nabaria izan da goizeko lehen orduetatik. Honi, GAR-ak JARKI antolakunde iraultzaileak antolatutako ekitaldi politikora gerturatutakoak identifikatzeko eta kontrolatzeko herriko sarreran jarri duten kontrola gehitu behar zaio. Patxada horretan, guardia zibilek ez dute inolako arazorik izan Bilbon eta Gernikan antolatutako autobusa gelditu eta ordu bete luzez bahituta mantentzeko. Hau ez da jazarpen polizialaren jazoera bakarra, izan ere, Leitzako JARDUN-eko kideen arabera, azken egun hauetan segimendu polizial nabariak paraitzen ari dira sekreten partetik
JARKI antolakunde iraultzaileak antolatutako ekitaldiak ehunka pertsona bildu ditu Leitzako plazan. Pebeteroa piztuta, adarraren soinuak eta txalapartariek sarrera eman diote ekitaldiari, ikurrina erraldoi baten pean. Ondoren, dantzariek bide eman diote Agintarienari. Haize bolada zakarrak zirela eta, ikurrina erraldoiaren goi eskuinaldeko euskarria apurtu da eta bi gazte frontoira igo dira, tente sostengatu dutelarik ekitaldi osoan zehar. Jarraian, bi bertsolari igo dira oholtzara independentzia, sozialismoa eta amnistia, zein gudarien borrokaren zilegitasuna azpimarratzen zituzten bertso bana botaz.
Gerora, JARKI antolakunde iraultzaileko kide batek Gudari Egunaren harira antolakunde iraultzailearen irakurketa jasotzen zuen hitzaldia plazaratu du. Hitzaldian, beste gauza askoren artean, Euskal Herriaren gogoan borrokaren aldarrikapena egiteko, eta horretan dena eman dutenak gogora ekarri, zein eurek aurrera eramandako borrokaren zilegitasuna aldarrikatzeko eguna dela azpimarratu du. Horri jarraiki, kolore ezberdinetako txakurren presentzia eta hauek jarduterako orduan daukaten inpunitatea aipatu du, argi utziz zapaltzaile eta zapalduen artean ez dagoela inolako adiskidetzarik. Honek, gogoeta jakin baterantz eramaten du antolakunde iraultzailea; zanpatzen zaituenari, azpiratuta mantentzen zaituenari hortzak erakustea ez dela erabaki bat, behar bat baizik. Eusko Gudariak eta internazionala abestuta eman zaio amaiera ekitaldeari.