Euskal Herria Frantziako eta Espainiako estatu kapitalistengatik azpiratua, esplotatua, jazarria da oraindik ere. Eta errealitate hori ezin dute ezabatu. Gudarien askatasun grina eta eurek aurrera eramandako borroka ezin dituzte ezabatu.
Horregatik, honen zilegitasuna eta zuzentasuna ezabatu, eta euren gorroto, mehatxu eta biolentziaren eskutik datorren diskurtsoa inposatu nahian, gudarien aurka jotzen dute sistematikoki. Hauek kriminalizatzen eta terroristatzat jotzen dituzte, hauen borroka desitxuratu eta herri langilearen begietan zilegitasun osoa kentzeko asmoarekin. Horrela, borreroak biktimatzat saldu nahi dizkigute askatasunaren alde aritutako gudariak, kriminal izatera murrizten dituzten bitartean. Irabazleen eta galtzaileen errelatoa baita estatuek inposatu nahi dutena, Euskal Herriak oraindik ere pairatzen duen jazarpenari eta honekiko mantentzen duten okupazioari eutsi nahian.
Gauzak horrela, adiskidetzea eta elkarbizitza aldarrikatzen dituzten diskurtsoek, gudariak biktimatzat jotzen dituzten diskurtsoek, borreroen biktimen diskurtsoa barneratuta eta hauen mailara berdinduta, espainiar eta frantziar estatuek inposatu nahi diguten errelatoa baino ez dute indartzen, hauek estatuek Euskal Herriaren aurka darabilten jazarpen estrategiari laguntzen dioten bitartean.
Euskal Herri Langilea jazartzen aritutakoa eta honen askatasunaren alde borrokatutakoa ezin baitira, inolaz ere, maila berean jarri. Ezin baititugu borreroak eta askatasun haizea, inondik inora, maila berean jarri. Zapaltzaileen eta zapalduen artean ez baitago adiskidetze posiblerik, ez dago elkar ulertzerik.
Horrela, Euskal Herriko langileon askatasuna ez da estatuek inposatutako marko eta instituzioen eskutik etorriko. Instituzio eta marko horiek, Euskal Herri Langileak klase gisa pairatzen duen esplotazioa betikotzeko eraikiak direnez gero, arrotzak baitzaizkio Euskal Herri Langileari. Eta, hortaz, ez dute inolako zilegitasunik honentzat.
Euskal Herriaren askatasuna, beraz, ez da estatuen jazarpenaren eta inposizioaren eskutik ezta honi esker eraikitako errelatotik etorriko. Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatutako gudarien eskutik etorriko da Euskal Herri Langilearen askatasuna. Izan ere, gudarien engaiamendua eta konpromisoa dira, Euskal Herriko mugimendu iraultzaileak, askatasunaren alde aritzerako orduan, eredu izan behar dituena. Eredu horren gainean eraikitako alternatiba politikoa izango baita Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa erdietsiko dituena.
Gudarien borroka ez baita antzua izan eta ez da, inolaz ere, ilunetan eta, are gutxiago, ahanzturan eroriko. Gure aurretik burututako gudarien borrokaren jarraipena baikara, kate luze bateko azken kate begia. Eta, horregatik, Euskal Herriaren alde dena eman dutenenegatik, orain, 2022. urtean, guri dagokigu Euskal Herriaren askatasuna muturrera eraman behar duen alternatiba iraultzailea gorpuztu eta prozesu iraultzailea bururaino eramatea.
Gora Eusko gudariak!
Gora Euskal Herria askatuta!