Ahaztuok ez dugu ahazten. Aurten 40 urte betetzen dira, Irlandaren iparraldean IRA-ko 7 guda-preso eta INLA-ko beste 3 guda-preso, H blokeetan pairatzen zuten egoera zela medio, euren estatus politikoagatik galdegiteko abiarazitako gose greba onarri zuen borrokaren bitartez euren bizitza eman zutenetik. Langile klaseak mundu mailan pairatzen duen zapalketari aurre egiteko aurrera daraman borrokan, hau ez dugu gertakari isolatua. Horrelakoak aurki ditzakegu, bai Derryn, Gazan, Alepon, Kolonbian, Soweton… eta baita Euskal Herrian ere. Izan ere, 1975eko irailaren 27an, espainiar estatu frankistak Euskal Herria mendean hartu eta Euskal Herri Langilearen borroka suntsitzeko asmoarekin, bere gogoan oroitzapen sendaezina uzteko gurariarekin, Anjel Otaegi eta Jon Paredes Manot “Txiki” gudariak fusilatu zituen, FRAP-eko Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baenarekin batera.
Horrez geroztik, irailaren 27a, Euskal Herriaren gogoan borrokaren aldarrikapena egiteko, eta horretan dena eman dutenak gogora ekarri, zein eurek aurrera eramandako borrokaren zilegitasuna aldarrikatzeko eguna dugu. Baina ezinezkoa da Gudari Eguna irailaren 27ko data horretara edota Txiki eta Otaegi gudarien oroitzapenera mugatzea. Asko dira Euskal Herriaren gogoan, bere askatasunaren alde borrokatzeagatik egutegian odolez eta malkoz markatuta ditugun egunak. Euskal Herriko hamaika txokotan, Etxebarria parkean, Morlansen, Irunberrin, Amistad kalean… hainbat dira herri honen askatasunaren alde eroritako gudariak. Euskal Herriaren historia gudarien borrokaz egina delako. Oinazez eraikitako borroka dugulako Euskal Herri Langilearena.
Horregatik, ezin dugu, ezinezkoa zaigu egun hau folklorera eta oroitzapenera mugatzea, gaurkoa ez baita folklore egun bat. Gudariak gogora ekartzeko ekitaldietan aurrera eramaten diren ekintzetatik haratago, gaurkoa izaera politikoko eta parametro iraultzaileetan landu beharreko eguna dugu. Borroka oraindik ez baita bukatu. Euskal Herriak klase zein nazio parametroetan oraindik ere zapalduta jarraitzen baitu. Euskal Herriak oraindik bai frantziar zein espainiar estatuen menpe jarraitzen baitu.
Izan ere, estatu hauek, Euskal Herriko langileriaren arteko elkartasunean eta nazio kontzientzian arrakalak sortu eta banaketa sustatzeko darabilten eraikuntza instituzionalarekin batera, ez dute inolako arazorik biolentzia eta armetara jotzeko euren nagusitasuna mantentzearren. Horren adibide dugu, Euskal Herrian okupazio militarraren eta armen bidezko nagusitasuna mantentzen duten kolore ezberdinetako txakurren presentzia, eta indar okupatzaileek eta zipaioek jarduterako orduan beraien alde duten erabateko inpunitatea. Baldintza horietan ez da harritzekoa, burgesak eta euren borreroak lasai asko aritzea, txakurrek euren interesak babesten dituzten bitartean. Horren erakusgarri dugu, iragan astean Arrasaten, zipaioek babestutako faxistek probokazio gurari batetik haratago, euren gailentasuna eta nagusitasuna beste behin ere agerian uzteko intentzioarekin, txakurren eta herri langilearen aurkako instituzioen babespean emandako paseotxoa.
Izan ere, zapaltzaile eta zapalduen artean, ez dago adiskidetze edo elkar ulertzerik. Euskal Herri Langilearen etsaiekiko elkarbizitzara zuzendutako planteamenduak, iruzurra suposatzeaz gain, porrotera kondenatuta daudelako. Jazarpen egoerak dirauen bitartean, zapaltzaileen mesedepeko sumisio egoera betikotzeko bidea dira horrelako planteamenduak. Ezinezkoa baita Euskal Herria azpiratuta mantentzeko, era sistematikoan sufrikarioz josi dituzten txakur eta konplizeen, eta Euskal Herriaren askatasunaren alde, ezerren truke, zapalketari aurre eginez aritutako gudariak maila berean jartzea. Alde batetik, herri langilearen hobebeharrez aritutako gutxi horiek ditugulako, hauen garaipenaren bitartez lortutako emaitzak Euskal Herriko langile ororen hobebeharrez izanik. Eta bestetik, Euskal Herriko langile klasea esplotaziora eta miseriara kateatuta mantentzeko buru-belarri dirauten burgesak, politikariak eta euren txakur mertzenarioak. Elkartasunean oinarritutako konpromisoa batetik, eta handinahia eta interes berekoi zein indibidualistak bestetik.
Frantziar eta espainiar estatuek Euskal Herria azpiratuta mantentze aldera, eskubide zibilen eta politikoen ukapena, atxiloketak, torturak eta erailketak besterik ez dute eskaintzeko. Lapurdin gazte independentisten aurka emandako azken atxiloketak, estatuen borondate eta prestutasunaren isla garbiena izan ditugularik.
Horren aurrean, konfrontazioa da, hain zuzen ere, Euskal Herri Langileari geratzen zaion aukera bakarra. Zanpaketa egoera baten aurrean borrokatzea ez baita hautu bat. Zanpatzen zaituenari, azpiratuta mantentzen zaituenari hortzak erakustea ez baita erabaki bat, behar bat baizik. Gudariek aurrera eramandako borroka dugularik baieztapen honen adibide nagusia. Bide horretan, konfrontazioaren bitartez bakarrik lortuko dugu Euskal Herrian independentzia eta sozialismoari ateak ireki behar dizkien prozesu iraultzailea gauzatzea. Hala, Euskal Herrian eman behar den edozelako praktika politiko, planteamendu edota alternatibak hau eduki behar du oinarri gisa. Etsaiarekiko ez baitago adotasun posiblerik. Langile klasearen eta burgesiaren arteko borroka, hil ala biziko borroka baita.
Ataka horretan, orain kontua ez da bakarrik etsaiak errelatoa ez idaztea edo honen monopolioa ez lortzea. Borroka oraindik ez da bukatu eta bere horretan dirau. Gudariak herri honen alde dena ematera bultzatu zituzten arrazoiek, zapalketaren muinak bere horretan dirautelako, eta bide horretan guri dagokigu borroka horren zilegitasuna ulertu, defendatu eta aurrera egitea. Gudari Egunean, oroitzapenetatik haratago, folkloretik haratago, herri langilea etsaiaren aurka borrokatzeko prestutasunean berresten da. Gaur Euskal Herriari argi uzten baitiogu, alternatiba iraultzailea bere azken helburuak lortzeko jarreran berresten dela.
Horretarako denon parte hartzea, denon ekarpena, bakoitzak ahal duen neurrian, erabakigarria suertatzen da, ez baita nahikoa data esanguratsuetan mobilizatzearekin, beharrezkoa da eguneroko parte hartzea. Beharrezkoa dugu herrietan, kaleetan, auzoetan, ikastetxeetan, lantegietan antolatzea. Beharrezkoa dugu estrategia baten pean aritzea. Beharrezkoa dugu Euskal Herriko langileria zanpatzen dutenen aurrean, antolakuntza oinarri, borroka esparru ezberdinak irekitzea konfrontazio parametroetan.
Eguneroko praktika politikoaren bitartez lortuko baitugu soilik euren nagusitasuna auzitan jarri, eta apurka-apurka etorkizuneko euskal estatu independiente eta sozialistaren oinarriak izan behar diren kontrabotere esparruak finkatzea. Gauzak horrela, JARKI antolakunde iraultzailetik JARDUN Euskal Herriko Alternatibara batzeko deia luzatzen dugu, Euskal Herriko prozesu iraultzaileari ekarpena egiteko asmoarekin. Dena eman dutenengatik, bidean utzi ditugunengatik, inoiz, inon, Euskal Herriaren ade borrokatu dutenengatik, guri dagokigu borrokaren lekukoa hartu, gure egin eta hau bururaino eramatea.
Gora eusko gudariak!
Independentzia eta sozialismoa!