ASKATASUN HAIZEA-k Gudari Egunaren harira plazaratutako irakurketa

Gudari Eguna 2021

Askatasun Haizearentzat Gudari Eguna iraganeko borroka orainarekin eta etorkizunarekin batzeko eguna da. Independentzia eta Sozialismoaren alde bizitza eman zuten borrokalariak omentzera bakarrik mugatu ezin dena, gudariak bizitza emateraino eraman zituen helburuak berresteko eguna izan behar du.

Gure herri eta hirietako plazetan naziotasuna, borrokaren duintasuna eta eraldaketa soziala aldarrikatzeko eguna izan behar du. Ez dugu onartuko espainiar eta frantziako faxismoak gure gudariak isilpean eta ezkutuan omentzera behartzea, ez dugu inoiz egin, ezta egingo ere.

Euskal herri langileak harrotasunez goraipatu behar du egun hau, kaleetan, den eman zutenei dena diegulako zor. Eta jakin badakigu antolaketa eta borrokaren bidez bakarrik lortu ahal izango ditugula Independentzia eta Sozialismoa.

… Ez dugu beldurrik, ez dugu lotsarik nor garen, zer garen aitortzeko! Ez gara lapurrak, ez eta zakurrak kataiaz loturik ibiltzeko! …

Askatasun Haizea herri ekimenak bat egiten du Gudari Eguna ospatzeko Leitzako plazan 12:00etan egingo den ekitaldi politikoarekin.

Larunbatean, hilak 25, denak Leitzara!