Orain dela 30 urte eroritako Jon Erezuma eta Joan Carles Monteagudo gudariak omendu dituzte Gernikan

30 urte bete dira, Jon Erezuma Uriarte, 28 urteko Gernikako ETA-ko militantea Bartzelonarako Klinikorako bidean eraila izan zenetik, Guardia Zibilek zauritu ondoren. Berarekin, Joan Carles Monteagudo, 31 urteko Kataluniako ETA-ko militantea eta Terra Lliureko militante ohia, Llica d’Munteko etxe batean tirokatuta eta eraila izan zen.

Gertakari horiek gogora ekartzeko eta herri honetako belaunaldi ezberdinak oroimena, duintasuna eta borrokaren erreferentziak ezagutarazteko dinamika jarri du martxan Busturialdeko Askatasun Haizeak.

Horretarako, maiatzaren 28an mahai inguru bat antolatu zuen eskualdeko bi errepresialatuen eskutik eta maiatzaren 30ean omenaldi ekitaldi xumea burutu zuen Gernikan.

 “Militantea zarenean ez zara norbanako bat antolakunde kolektibo baten parte zara, badago zeure atzetik zeozer gehiago.”

Osteguneko mahai ingurua Jon Erezumaren gorpuak bere jaioterrian jasotako lehen harreraren eta herriaren erantzuna jasotzen zituen bideoarekin ireki zuten Gernikako Astran. Mahai inguruan parte hartu zuten bi errepresaliatuek irudiak ikusterakoan hunkituta zeudela adierazi zuten, bidean geratu diren lagun, kide eta ezagunak gogora ekartzearekin batera. Honen ostean, atxilotuak eta espetxeratuak izan zirenean bizitakoa partekatu zuten publikoarekin, argi utzi zutelarik preso egotea izaera baino egoera bat dela, presoak militante politikoak direla adieraziz. Esperientzia horretatik abiatuta, errepresaliatutako batek, behin espetxeratuta ezagutu zituen errealitate ezberdinen ondorioz militantziaren zergatia eta honen beharra argi ikusi zuela azaldu zuen. Era berean, euren arabera estatuek ezin dute onartu preso politikoak daudenik, jo puntua politikoan kokatzea eragingo bailuke. Espetxearen helburua norberaren borondatea eta izaera suntsitzea dela argi utzi zuten. Horretarako, egungo espetxe ereduan tortura zuriak jokatzen duen papera aipatu zuten. Espetxea eta errepresioarekiko euren esperientziak azaldu ondoren, militantziaren inguruko euren hausnarketak partekatu zituzten, sasoiko mugimenduko borrokak era naturalean eramaten zuten azken borrokara aipatuz.

 “Gu ez gara inor lezioak emateko, geure esperientzia transmititu behar dugu.”

Era horretan memoria berreskuratzeko beharra azpimarratu zuten, fase berri bati heldu ahal izateko oinarri sendoak landu beharra daudela azalduz. Euren hitzetan “guk eduki dugun zilegitasuna zeuek ere baduzue borrokarako”.

Mahai inguruaren ondoren, ekitaldia burutu dute igandean Gernikako Astra gunearen atarian. Bertan, ekitaldiari hasiera eman aurretik Jon Erezuma eta Joan Carles Monteagudoren oroimeneko plaka bat kokatu dute. Adarra eta txalaparta doinuak Askatasun Haizearen hizlariari bide eman diote. Ekitaldia hasita, hizlariak egungo “desmemoria” garaiotan korrontearen aurka joateak dakartzan oztopoak aipatu eta Erezuma eta Monteagudoren eredua direla azaldu du, Jon Erezuma enfrentamendu armatuan eroritako eskualdeko azken gudaria zela gogora ekarriz. Izan ere, gudariak duintasuna, borrokaren, eskuzabaltasuna eta lan militantearen eredu dira, independentzia eta sozialismoaren aldeko ametsagatik dena eman dutenak. Askatasun Haizearen arabera “ez diogu uko egingo ametsari, ez gara makurtuko etsaiaren aurrean”.

Lehen hitzaldia gauzatuta, bertsolariaren esku geratu da mikroa, honako bertsoa bota duena gudarien omenez:

Torturatuak, iheslariak,

preso eta hilobiak.

Makurtzen ez den herri batean,

sarri dira ugariak.

Harrotasunez oroitzen ditu,

herri honen memoriak.

Guregan dauden ametsagatik,

borrokatuz eroriak.

Gora Erezuma ta Monteagudo.

Gora eusko gudariak.

 “Lagunak eta senitartekoak dekietzien maitasuna adiskidetasuna eta atxikimendua kriminalizatzea eta ahotsa barik uztea gura dabe.”

Une horretan, senideek hartu dute hitza gudariek Euskal Herriari zioten maitasunagatik bizitza eman zutela azalduz. Ildo horretatik, maitasun horrekiko koherentziak borroka gogor eta eskuzabalena Euskal Herri independiente eta sozialista baten alde burutu zutela azpimarratu dute. Senideen hitzei, Castillo Suarez-en olerki baten irakurketa, lore eskaintza eta dantzarien agurrak jarraitu diote, ekitaldia Eusko Gudariak kantatuta bukatu delarik.

Hemen eta ez beste inon

jarraitu nahi dugu maitatzen

eta maite dugunarengatik borrokatzen.

Herri honetan eta ez beste batean

ikusi nahi ditugu hostoak berritzen

eta lurrera biraka erortzen.

Gauden tokian eta inora joan beharrik gabe

ikasi nahi dugu gauzak aldatzeko daudela sinesten,

kausa berriei oratzen.

Biharko eguna zabaldu nahi dugu

absentziarik eta dolurik gabe,

debekatutako tokirik eta ordurik gabe.

Aro berri bat mustu nahi dugu

gure artean ez dagoen jendearekin,

bazterrean daudenekin,

galtzaile izan direnekin,

hosto erorien hotsarekin.

Loak galarazten digunak ametsak eragiten dizkigu.

Bakarrik ezer gutxi gara:

haizearen peskizan ibiltzen gara,

dantzan dauden hostoei begira.

Baina ametsek beti garamatzate norbaitengana:

bakarrik dagoenarengana,

zauritua izan denarengana,

zigortua,

zelatatua,

alboratua.

Ametsek beti garamatzate

baden herri batera,

baden hizkuntza batera,

baden laguntasun batera.

Baina ez da ametsa bera axola duena orain,

amets egin nahi dugula baizik.

Iturria: Lahaine.org – Euskal Herria