JARDUN koordinadorak antolatutako 2021.urteko Maiatzaren Leheneko kronika

Jardun koordinadorak Maiatzaren Lehena dela eta, “Langile altxa antolatu iraultza”, “Aberri gorria, biharko Euskal Herria”, “Euskal Herri Langilea Aurrera”… leloen pean Laudioko kaleetatik manifestazioa burutu du. Mobilizazioa Herriko Plazatik hasi, herriko kaleetatik pasa eta plazan bertan bukatu da. Mobilizazioan 150 pertsona inguru parte hartu dute. Beste hainbatek, ordea, indar polizialen identifikazio zein kontrolen ondorioz, ezinezkoa izan dute mobilizaziora batzea, etxerako bidea hartu behar izan dutelarik. Jazarpen poliziala Maiatzaren Lehenean ere, Euskal Herri Langileak jasaten duen kontrolaren erakusle garbia da. Aipatu beharra dago, goizean goizetik poliziaren presentzia itogarria izan dela, manifestazioan parte hartu nahi zuten zenbait pertsona identifikatu eta “terminar en el calabozo” mehatxupean herritik alde egitera behartu dituzten punturaino.

Gaurko mobilizazioa Aiaraldeko eskualdeak azken hilabeteetan bizi duen errealitatearen barne kokatu beharra dago. Ematen ari den gatazka guztien artean, Tubacex-eko langileek patronalak burutu nahi dituen 129 kaleratzearen aurka burutzen ari duten greba mugagabea da oihartzun handiena izaten ari duena.

Era berean, Jardun koordinadorak langileriak pairatzen duen zapalketa behin-behineko egoera bati erantzutea baino, kapitalaren berezko izatearen ondorio dela azpimarratu du. Ildo horretatik, Euskal Herri Langilearen helburuak prozesu iraultzailearen gauzapenaren bitartez erdietsi daitekeela baieztatu du. Horretarako, Jardunen arabera Euskal Herriko langile klasearen interesei erantzun behar dien alternatiba iraultzailearen osaketa beharko baldintza da.

Iturria eta gaztelaniazko bertsioa: Lahaine.org – Euskal Herria