Gaur Deustun JARDUN-ek Maiatzaren Lehenean Laudion 12:00etan herriko plazatik aterako den manisfestazioan parte hartzeko deia luzatu egin du

Mobilizazio barik ez dugu kontzientzia hartzea lortuko eta kontzientziazio barik ezinezkoa da konpromisoa eta antolakuntza sustatzea. Aurrekoa aintzakotzat hartuta, orain dela hilabete batzuk osatu zenetik hamaika dira Bilboko JARDUN-eko koordinazio markoak eta bere parte diren antolakundeek abiatu dituzten dinamikak. Euskal Herri Langileak pairatzen dituen jazarpen egoerari erantzuteko dinamiketatik, auzoz auzoko errealitateari erantzuten dioten koordinadorako izaera lokaleko taldeen eskutik aurrera eramandako egitasmoetara.

Hala ere, dinamika lokal hauek, herriz herriko, auzoz auzoko dinamikak, hankamotz geratzen dira era isolatuko elementu gisa ulertzen baditugu. Beharrezkoa da hauek elkarlanean aritzea eta osotasun baten baitako borroka gisa ulertzea. Euskal Herri Langileak askapen nazional eta soziala erdiesteko burutu beharreko prozesu iraultzailea elikatu behar du, Euskal Herriko langileriak beharrezkoa duen izaera integraleko alternatiba iraultzailea osatzerako bidean.

Hori dela eta, Bilboko JARDUN-ek maila lokalean aurrera daramatzan dinamikak izaera nazionaleko estrategia baten barnean kokatu behar ditugu. Era berean, dinamika lokaletatik haratago, Euskal Herri mailan izaera nazionaleko borrokak aurrera eramatea beharrezkoa dugu errealitate lokala eta nazionala elkar-elikatzen diren elementuak direla ulertuta.

Eta hain zuzen ere, Maiatzaren Lehena dugu langileon borroka klase gisa hobekien irudikatzen duen eguna. Maiatzaren batean mundu osoko langileria era kolektibo eta bateratuan mobilizatuz kalera atera eta aho batez aldarrikatzen baitu bere clase izaera. Klase gatazkaren gainditzea bezalako helburu handiak tokian tokiko aktibazio, antolakuntza eta borrokak burutuz, baina hauek ibilbide eta jomuga kolektiboen pean uztartuz bakarrik gauza daitezkeela argi utziz.

Gauzak horrela Bilboko koordinazio markotik hurrengo Maiatzaren Lehenean Laudion JARDUN-ek 12:00etan herriko plazatik burutuko duen manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen dio ez bakarrik Bilboko langile orori, baizik eta Euskal Herriko langile guztiei.

Gora Maiatzaren Lehena!

Klase borrokaz Euskal Herri sozialista!