Jardun estrategia politikoaren sorkuntzaren harira

Jadanik urteak igaro dira aurreko ziklo politikoa bukatu eta Euskal Herrian eman den asimilazio prosezua hasi zenetik. Ezker Abertzale ofizialistak hartutako norabideak, Euskal Herriko espazio iraultzailea hutsik utzi zuen, hainbat urtez borrokan egondako militanteak umezurtz bilakatuz eta etorkizuneko belaunaldiak ikuspegi iraultzailerik gabe utziz.

Azken urteetan, historikoki Euskal Nazio Askapen Mugimenduak zuen ildo iraultzailea berreskuratzeko saiakerak ugariak izan dira. Hala ere, militante askok izandako asmo ona izan arren, ikusi dugu, bai mesfidantza, bai pertsonalismo, bai estrategia faltaren ondorioz, ez dela lortu halakorik. Urteen poderioz sortutako mesfidantzatik haratago, argi eta garbi daukagu Euskal Herri Langileak erakunde iraultzaile baten beharra duela historikoki gudariek borrokatu duten helburuak lortzeko.

Jakin badakigu antolakundeen arteko desberdintasunak badaudela eta egoera ez dela oparoena, baina baita ere, jakin badakigu, beharrezkoa dugula Euskal Herrian dauden antolakunde edo militante iraultzaileen koordinazioa, independentzia eta sozialismoa izango dutena jomuga. Ildo horretan, Jardun eman zen ezagutzera pasa den Abuztuan, zeinak Euskal Herri Langilea antolatzeko esparru gisa funtzionatuko duen tresna izatea du helburu, estrategia amankomun iraultzaile baten pean. Batasunaren beharra azpimarratu zuten, azken aldian askotan gure herriko sektore iraultzaileetatik errepikatu den hitza.

Jakitun gara batasuna ezin daitekeela izan ezeren batuketa hutsala. Batasuna puntu zehatz batzuen pean eman behar da langile klasea ardatz izango duena eta beti ere Ezker Abertzale Ofizialistatik kanpo kokatuko dena. Batasunak elkarren arteko errespetua eta lankidetza izango ditu oinarri, horrek ez du esan nahi batasunaren aitzakipean ez dela kritikarik egingo, baina kritikak betiere beharrezkoak direnenean, zintzotasunez eta momentu egokian. Hori zehazturik, Jardunek azpimarratutakoarekin bat egiten dugu, besteak beste, batasunak egiten gaituelako indartsuago.

Horregatik eta azken urteetako bizipenen analisia egin ondoren, Bultza antolakundea hasieratik klabe eraikitzailean kokatu garen heinean, agiri honen bitartez ezagutzera eman nahi dugu Jardun koordinadoraren parte izatera igarotzen garela.

Gure apaltasunetik, koordinaziorako eta lankidetzarako deia egin nahi diegu Euskal Herriko erakunde eta langile guztiei. Bide luze baten hasiera da, argi daukagu ez dela erraza izango, baina askatasunak merezi duelako, indarrak batu ditzagun!

Gora Euskal Herria askatuta!
Independentzia eta Sozialismoa!