Iñaki Bilbao “Txikito”-ren gose eta komunikazio grebaren aurrean

JARDUN koordinadorak, ohar honen bitartez, bere elkartasun osoa adierazi nahi du Iñaki Bilbao preso politikoa aurrera eramaten ari den gose eta komunikazio grebarekiko. Kontziente izan behar gara espetxeak militante politikoak deuseztatzeko tresna izateaz haratago, estatuek edozelako disidentzia politikoa suntsitzeko darabilten bitartekoa direla. Beraz, ez da harritzekoa Txikito gaur egun Europan denbora gehien espetxeratuta daraman preso politikoa izanda, bere aldarrikapenak eta duintasuna borrokatzerako orduan, gose greba bezalako muturreko borroka moldera jo izana. Izan ere, espetxean egonda bizimodua eta komunikazio oro etsaiarengatik markatua den inguruan, preso politikoei euren gorputzaren gaineko kontrola da geratzen zaien territorio libre bakarra, borrokatzerako orduan hau izanik baliatu dezaketen azken gotorlekua, muturreko borroka hil ala biziko kontua bilakatuz.

Hala ere, egoeraren erantzukizuna ezin da, inolaz ere, Txikito zein aurrera daraman borrokaren gain kokatu, hauek Euskal Herriak klase zein nazio parametroetan pairatzen duen zapalketaren beste aurpegi bat baino ez baitira, eta Euskal Herri Langileak pairatzen duen jazarpen orokortuaren baitan kokatu beharra dago. Gauzak horrela, Euskal Herriko langile klasea jazartzen dutenak, espetxea sostengatzen dutenak eta izaera iraultzaileko edozein aldarrikapen deuseztatu eta isilarazten tematuta dauden horiek dira egoera honen erantzuleak.

Hori dela eta, JARDUN-ek Txikitoren borrokaren aldeko ekimenetan parte hartu, eta honek bizi duen egoeraren salaketa eta burutzen ari den borrokaren aldarrikapenak kalera ateratzeko deia egiten du, bide horretan ulertu beharra baitago amnistia dela bai Euskal Herriak zein preso politikoek pairatzen duten zapalketa gainditzeko ezinbesteko baldintza, independentzia eta sozialismorako bidean. Eta honen erdiespena herri aktibazio eta mobilizazioaren eskutik lortuko da soilik. Hortaz, antolatu gaitezen, mobilizatu gaitezen eta borrokatu dezagun Euskal Herri Langilearen askatasuna lortu arte.

Euskal Herrian, 2021eko abuztuaren 15ean