“Hiltzen banau, besoak hilobitik aterako ditut eta indartsuagoa izango naiz”. Mirabal ahizparen, “Tximeleta”-ren hitzok entzun daitezke denboran zehar barreiatuta. Umiliazioaren, torturen, bortxaketen eta atxiloketen bitartez isilarazi ezin zituztenez gero, urkatu eta kolpeka erail behar izan zituzten euren ahotsa itzaltzeko. Hala ere, biolentziak ezin izan zituen euren kemena eta borroka ezabatu, eta hitzok ozen entzun ditzakegu gaurdaino, Azaroaren 25aren, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako egunaren jaiotzaren isla direlarik.
Emakume langilearen aurkako biolentzia hedabideetan oihartzuna duten ziztadez, bortxaketez eta erailketez haratago doan afera da. Horiek emakume langileak bere egunerokotasunean pairatzen dituen muturreko erasoen adierazpena dira. Baina gertakari hauek ez dira isolatuak. Emakume langilearen azpirazioa bermatzeko, kapitalak izaera sistematikoko zapalkuntza sustatzen du, hau betikotzeko xede argiarekin. Izan ere, sistema kapitalistak emakume langilea bere interespean bigarren mailara alboratuta mantentzea nahi du eta, horretarako, ondo baliatzen ditu sexu-genero zapalkuntzaren bitartez ezarritako rolak, emakume langileak zaintza eta sumisio paperera kondenatuz.
Hori dela eta, bere helburuari eusteko, emakume langilearen aurkako biolentzia egungo gizarte ereduan ondo errotuta dago bai maila ideologikoan, bai maila kulturalean. Izan ere, emakume langileok maila produktiboan esplotatuak izateaz gain, guri dagokigu langile klaseko kideen zaintza eta langile belaunaldi berriak bermatzea. Hori da kapitalari interesatzen zaiona. Horretarako, gure erabakia eta gorputzen jabetza ukatzeaz gain, gizartearen konplizitatea baliatzen du. Konplizitatea diogu bai, emakumeok pairatzen dugun kosifikazioa, egunerokotasuneko umiliazioak, bortxaketak, erailketak, bigarren mailara zokoratuta geratzea, paternalismoa, gure iritzien ukapena… oraindik ere gizartearen kulturaren parte baitira, hein handiagoan edo txikiagoan gizarteko partaide ezberdinengatik birproduzituak direlarik.
Gauzak horrela, biolentzia forma horiek guztiak osotasun baten parte gisa ulertu behar ditugu, sistema kapitalista iturri duena. Honek ezinezkoa egiten du emakume lagileok pairatzen dugun zapalkuntzarekin eta biolentziarekin amaitzea, horiek sustatu eta beharrezkoak dituen sistema kapitalista gainditu barik. Bide horretan, honek bultzatutako gizarte eta kultura ereduaren aurka egiteko, borroka ideologikoa eta hori aurrera eramateko antolakuntza hil ala biziko egitekoak dira, sexu-genero zapalkuntzari amaiera jarri nahi baldin badiogu. Era berean, ezinbestekoa zaio Euskal Herrian prozesu iraultzailea bururaino eramateko osatu beharreko alternatiba iraultzaileari, euskal emakume langileok pairatzen dugun zapalkuntzari aurre egiteko tresnak martxan jartzea eta osotzea. Besoak hilobitik atera eta zapalkuntzari indartsu eta kementsu aurre egiteko garaia da. Horregatik, JARDUN koordinadoratik dei egiten diogu Euskal Herriko emakume langile orori, berau kikildu eta desaktibatzeko asmoarekin gizarte kapitalistak darabilen biolentziari aurre egin eta hau suntsitzeko parametroetan antolatzera.