Emakume Langilearen Nazioarteko Eguneko JARDUN-en irakurketa

KLASE FEMINISMOAZ BORROKA ANTOLATU!

Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna dugu gaur. Eta egun hori lehen aldiz aldarrikatu zenetik mende bat baino gehiago igaro den arren, zapalkuntzak emakume langileon egunerokoaren parte izaten jarraitzen du. Izan ere, kapitalak bere interes eta beharrizanei erantzuteko emakume langilearen azpiratze egoera bermatu behar du halabeharrez eta, horretarako, egoera hori zilegitzen eta betikotzen duten harreman patriarkalak sustatzen ditu gizarteko esparru guztietan. Horrela, pairatzen dugun sexu-genero zapalkuntzaren adierazle dira, besteak beste: genero rolak, kosifikazioa, zaintza lanen zama, ugalketaren gaineko kontrola, lanpostu feminizatuak eta eraso matxistak.

Kapitalismoaren baitan genero eraikuntza baliatuta, emakumeen eta gizonen arteko dominazio-harremanak sostengatzen dituzten rol femeninoak eta maskulinoak inposatzen dizkigute: jarraitu beharreko ereduak, hierarkia, betebeharrak eta jokabideak, alegia. Era horretan, emakumeok zaintzaileak, otzanak, sentiberak… izatea espero da, dominatuta eta burumakur mantentzeko, harreman patriarkalak medio honek pairatzen duen azpiratze posizioa bermatze aldera. Era berean, generoaren arabera jarraitu beharreko ereduen baitan kosifikatuak gara patroi estetikoen bitartez, kontsumo edota desio objektutzat murrizten gaituztelarik.

Bestalde, emakumeari inposatutako zaintzaile rolaz baliatzen da kapitala, emakume langilearen gain uzteko zaintza lanen zama osoa. Izan ere, langileon izerdiaren lepora sostengatzen den sistema kapitalistak beharrezkoa du hau une oro eskuragarri egotea. Logika horren pean ulertu behar dugu langileen biziraupenerako beharrizanen asetzea emakume langileen gain egotea. Alta, zaintza jarduera horiek burutu ezean, lan indarra ez litzateke bere esplotazioarekin jarraitzeko moduan eskuragarri egongo.

Horrez gain, esplotatuen etorkizuneko belaunaldiak ziurtatu behar ditu kapitalak. Hori dela eta, emakume langilearen ugalketaren gaineko kontrola bermatzen du, legedia eta osasun instituzioak horren erakusgarri argienak ditugularik, hauek burgesiaren beharrizanen neurrira eraikiak dira eta.

Ezin dugu ahaztu, gainera, emakume langilearen lana debaluatzeko baliatzen duela genero hierarkia kapitalak, produkzioaren esparruan ere sustatuz generoan oinarritutako banaketa soziala. Izan ere, emakumeari maila sozialean esleitutako rolekin bat datozen jardueretan nagusitasuna dauka esparru hauen “feminizazioa” ematen delarik, eremu produktiboan honen sexu-genero rolak ezbaian ez jartzeko eta hauek betikotzeko baldintzak errotuz. Horrela, produkzioko egitekoak normalean zaintza lanekin zerikusia dutenak edota emakumearen zaintza rola sustatzen dutenak izan ohi dira. Horretaz aparte, emakume langilea harreman patriarkalengatik zaintza lana lehenestera behartuta dagoenez, soldatapeko lana horrekin uztargarria izatea ziurtatu behar du honek.

Azkenik, indarkeria matxista dugu gizonen eta emakumeen artean existitzen den dominazio-harremanen baitan zuzeneko biolentziaren bitartez emandako gizonaren gailentasun posizioaren erakusgarririk gordinena; emakumearen otzantasun eta kikiltze posizioa bermatzera bideratutako biolentzia, alegia. Horrela, indarkeria horren ondoriozko irainak, mehatxuak, bortxaketak, erailketak… emakume langileok egunerokotasunean pairatu behar izaten dugun errealitatea dira.

Hori guztia dela eta, emakume langileok oraindik ere badugu zer salatu eta zer borrokatu. Izan ere, emakume langileontzat irtenbiderik gabeko labirinto bat da sistema kapitalista. Hortaz, pairatzen dugun sexu-genero zapalkuntzari erantzuteko tresnak eta markoak sortu behar ditugu. Baina ezinezkoa zaigu borroka hori era partzialean burutzea, langile klasearen parte garen heinean, honek pairatzen duen esplotazio eta zapalkuntza partekatzen baitugu. Bide horretan, langile klasearen beharrizan eta interesekin bat datorren alternatiba iraultzailearen baitan antolatu beharra dugu, horrela lortuko baitugu ez bakarrik emakume langileon askapena, langile ororena baizik.