Bilboko Jardun koordinadorak, Euskal Herri Langileari honen berri eman eta alternatiba iraultzailearen proiektu politikoa ezagutzera emateko martxan jarritako dinamikarekin jarraitzen dugu. Gaur, aurkezpen ziklo horren logikan, hogei lagun baino gehiago batu ditugu Basurtu auzo bilbotarreko udaltegian. Jardun hizpide, egungo Euskal Herriko egoera politikoaren inguruko koordinadoraren hausnarketa azaldu dugu, koordinadoraren beraren sorreraren arrazoiei bide emanez. Era berean, egoera honen aurrean eman beharreko erantzuna eta koordinadorak planteatzen dituen alternatibak jarri ditugu mahai gainean, prozesu honetan Euskal Herriko langileriak jokatu behar duen paperaren garrantzia azpimarratuz.

Aurkezpen hau, aurretik Deustun, Alde Zaharrean eta San Inazion burututakoen ondorengoa dugu, Bilboko Jardun koordinadorak auzoz auzo burutzen ari garen aurkezpen zikloaren baitan kokatu behar dugularik. Hurrengo hitzordua eta zikloari amaiera jarriko diona, Bilboko Santutxu auzoko Karmelan izango da martxoaren 28an, 12:00etan, Bilbo osoari zuzendua.