Espainiar estatuak Euskal Herniaren aurka daraman zapalkuntza nazional eta sozialaren islaren eta goraipamenaren eguna dugu urriaren 12a, urteko beste edozein egunetan baino modu argiagoan geratzen dena. Data horrek, Euskal Herniaren zapalkuntza aurrera daraman estatua goresten duenak, euskaldunoi “jai eguna” inposatzen digu. Hori gutxi balitz, eskuak Euskal Herniaren askatasunaren alde borrokatu dutenen odolez zikinduta dituztenak, eta Euskal Herri Langileak pairaturiko zapalkuntza bermatzen duten guardia zibilak goraipatzen eta ohoretzen dituzten eguna ere bada. Honekin batera, beharrezkoa da zipayoek, foralek edota jendarmeek ere Euskal Herrian lekurik ez dutela argi uztea. Izan ere, guardia zibilek bezala, atxiloketen bitartez, mehatxuen bitartez, torturaren bitartez… Euskal Herriko zapalkuntza nazionala eta soziala bermatzen dute egunero, espainiar eta frantziar estatuen mesedepean lan egiten duten bitartean. Indar errepresibo horiek, espainiar eta frantziar estatu kapitalisten beso armatua izanda, Euska Herria zapaltzen dute.

Espainiar estatu eta frantziar estatu burgesen helburua da Euskal Herniaren nazio izaera gorpuzten duten baldintza objektiboak ezabatzea, asimilazio-prozesua burututa. Euskal Herriko kultura berenganatu eta merkantilizatu dute, folklorera murrizteko helburuarekin. Halaber, gaztelania eta frantsesa inposatzen dituzte, euskara desagerpenera kondenatzen duen diglosia-egoera elikatuz. Azken helburua argia da, ukazioaren bitartez frantziar eta espainiar naziotasuna inposatzea. Hala ere, inoiz baino garrantzitsuagoa da Euskal Herriko langileok kalera atera eta espainolak ez garela argi uzteaz gain, langileok ozen eta irmoki aldarrikatzea ez dugula esplotazioan oinarritzen den inolako sistemarik onartuko.

Guzti hori kontuan hartuta, urriaren 12a borroka eguna bihurtu behar dugu Euskal Herrian, betiere presente edukita egun hau eguneroko borroken jarraipena izan behar dela. Ezin dugu etsaiak gure agenda politikoa markatzen utzi. Gauzak horrela, Euskal Herriko askapen nazional eta sozialaren aldeko borroka ezin dugu egun bakar batera mugatu. Hori dela eta, ezinbestekoa da Euskal Herriko langileok, eguneroko lanaren bitartez, Euskal estatu independente eta sozialista eraikitzea, beharrezkoak diren baldintzak sortuz eta hori ahalbidetuko duen prozesu iraultzailea elikatuz.

Bide horretan, nahitaezkoa zaigu prozesu iraultzailea martxan jarriko duen JARDUN koordinadora elikatzea eta bertan parte hartzea. Izan ere, soilik Euskal Herri Langileak pairatzen dituen zapalkuntza guztiak borrokatzen dituen proiektu integralaren bidez eskuratu ahal izango da Euskal Herniaren askatasuna, Euskal estatu independente eta sozialistaren baitan egikarituko dena, eta, bide batez, Euskal Herri Langilea errepresioaren bitartez azpiratuta mantentzen duten indar errepresiboak suntsitzea bermatuko duena.

GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA!

GORA EUSKAL HERRIA SOZIALISTA!

INDAR ERREPRESIBOAK SUNTSITU!