Azken urteotan nabariak izan dira JARDUN Koordinadorak bere estrategia politikoan
eman dituen aurrerapausoak, antolakuntza marko berriak sortuz, eztabaida eta auzi
ezberdinak mahai gainean jarriz, hamaika manifestazio burutuz edota borroka
ideologikoa eginez. Bidea ez da larrosaz beterikoa izan, ordea. Koordinadoraren
helburua espainiar zein frantziar estatu kapitalisten zilegitasuna eta hegemonia
auzitan jartzea eta Euskal Herri Langilearen kontraboterea sortzea denez gero, bi
estatu hauek beraien tresna errepresiboak baliatu dituzte alternatiba iraultzailea
zapuzteko.
Horrela, hamaika izan dira JARDUN Koordinadora osatzen dugunok gure militantzia
politikoagatik pairatu behar izan ditugun jazarpen formak, eta hauek guztiak salatu
egin behar direla iruditzen zaigu. Izan ere, euren burua demokratatzat hartzen duten
bi estatu hauek biolentzia, izua eta etengabeko tentsionamendua baliatzen dute
militantzia politikoa zokoratzeko. Horren adierazle da JARDUN osatzen dugun
antolakundeetako militanteok kolore ezberdinetako polizien partetik etengabeko
identifikazio arbitrarioak pairatu izana, horietako asko miaketekin izana, militantzia
politikoa pairatzeagatik atxilotua izana edota terrorismoa goratzearen akusaziopean
Audientzia Nazionalera 5 kide deklaratzera deituak izateaz gain, beste hainbeste
ikerketapean egotea.
Baina horiek guztiak agerian dauden edo ikus daitezkeen jazarpen motak dira. Aitzitik,
badira isilpekoak, atzetik eta ikusezinak diren jazarpenak: etengabeko poliziaren
jarraipenak, heriotza mehatxuak edota kolaborazio eskaintzak, besteak beste. Azken
hauek bereziki larritzat hartzen ditugun eta azken hilabeteetan alternatiba
politikoaren parte garen zenbait militantek pairatu behar izan ditugun jazarpen motak
dira.
Izan ere, militante batzuok polizia etengabe gure etxe azpian, gure lantokian, gure
militantzia espazioetan, gure aisialdialdian edo gure ikastetxean gure atzetik egotea
jasan behar izan dugu, gu etengabeko tentsio egoera batean jartzeko eta kikiltzeko
helburuarekin.
Bestalde, badira heriotza mehatxuak pairatu dituzten militanteak. Poliziak, bere
inpunitatea baliatuz, auto bat geratu, bertan zeuden pertsonak identifikatu, katxeatu
eta hauek gainean edo autoan zuten objetuekin heriotza mehatxua eginez, adibidez.Horretaz gain, azken urteotan zenbait militanteok Polizia Nazional Espainolaren
partetik kolaborazio eskaintzak jasan ditugu. Horrela, gure bizitza pertsonal eta
politikoaren inguruko informazioa zutela baliatuta, xantaia egiten saiatu dira
gure antolakundeetako informazioa lortu nahian. Egoera “ahul” batean
geundela baliaturik gure senideak arriskuan zeudela adieraziz, sumitzen eta
beraien interesetara lanean jarduten hasteko saiakera egin dute. Halaber,
militanteak ez gara kolaborazio eskaintza hauek jasan ditugun bakarrak, gure
senideek ere hauek jasan behar izan baitituzte. Hauek engainatuz eta izua
sartuz, gure inguruko informazio pertsonala eta politikoa lortzen saiatu dira.
Azkenik, ezin dugu ahaztu gabe utzi Hego Euskal Herrian jazarpen kasu guzti
hauek historiako gobrenu “progresistena”ren izenean eraman direla aurrera
eta hauek zein euren gobernua sostengatzen duten alderdiak honen guztiaren
erantzule direla. Argi geratzen da espainiar zein frantziar estatu kapitalistek,
duten kolorea dutelarik, esplotazioa eta jazarpena besterik ez diotela eskainiko
Euskal Herri Langileari.
Honen guztiaren aurrean, JARDUN Koordinadoraren militanteok pairatu dugun
jazarpena gaitzetsi nahi dugu, eta horrekin batera gure militantzia eta helburu
politikoetan berresten garela argi eta garbi utzi nahi dugu. Horrela, ozen diogu
inolako jazarpenak ere ez duela lortuko mugimendu iraultzeilea zein gure
konpromiso politikoa geldiaraztea. Horregatik, dei egiten diogu Euskal Herri
Langileari esplotazioaren eta jazarpenaren aurrean antolatzera eta
borrokatzera, militantzia politikoaren bitartez eskuratuko baitugu soilik
etorkizuneko Euskal estatu independente eta sozialista. Borrokaz soilik lortuko
dugulako askapena. Hortaz, segi dezagun, jarrai dezagun borroka
iraultzailearen bidetik garaipenera arte.