ASKE-k babesa adierazi dio La Haine hedabideari, kazetari bat Audientzia Nazionalean deklaratzera deitu dutela salatuz

Adierazpen askatasuna

Hurrengo astean, maiatzaren 23an, La Haine hedabideko kazetari bat deklaratzera deitu dute Audientzia Nazionalean, ustez “terrorismoa goratzea” leporatuta. 2021eko abenduan Iñaki Etxeberriari, euskal preso politiko ohiari, espetxean 25 urte igaro ostean Iruñeko Alde Zaharrean egindako ongi etorriko irudi batzuk publikatzearen ondorioz iritsi da zitazioa.

Estatu espainolak Euskal Herri Langilearen alde lan egiten duten hedabideak kriminalizatzeko beste saiakera bat besterik ez da azkenengo hau. Jazarpenaren bitartez komunikatiboki hedabide disidenteei ahotsa kendu eta beraien interesetara dauden hedabideen bitartez, militante iraultzaileen kontrako kriminalizazioari eta jazarpenari bide ematea da beraien helburua. Adierazpen askatasuna urratuta modu arbitrarioan inputatzen dituzte kazetariak, beraien lana eta zabaltzen duten informazioaren arabera ondorio errepresiboak pairatu ditzaketelarik.

Horrela argi uzten dute beraien esanetara eta interesetara ez dagoen eta beraien aurka egiten duen hedabide orok errepresioa eta jazarpena besterik ez duela ezagutuko. Bide batez, espainiar estatu kapitalistarentzat mehatxu izan daitezkeen hedabideak kriminalizatzen eta jazartzen dituzte, hauek deuseztatzeko helburuarekin. Tamalez, ez da Euskal Herrian adierazpen askatasunaren aurkako lehendabiziko erasoa, ez baititugu oso urrun Egin, Egunkaria edota Ateak ireki hedabideak. Izan ere, Euskal Herri Langileak aurrera eramandako borroka sostengatzeagatik eta frantziar zein espainiar estatuen zapalkuntza eta basakeria agerian uzteagatik jazarpena eta ilegalizazioa ezagutu behar izan dituzte.

Horrekin batera, Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatzeagatik espetxean urteak igaro ondoren, militante iraultzaileei aurrera eramandako borroka balioan jartzeko eta jasan behar izan duten errepresio guztia salatzeko egiten zaien ongi etorriak kriminalizatzeko bidean jarraitzen du espainiar estatuak. Kasu honetan soilik irudiak grabatu dituen kazetari bat den arren, zitazio hau neurri diziplinario gisa baliatu nahi dute ongi etorriak bertan behera geratzeko.

Gauzak horrela, beharrezkoa zaigu Euskal Herri Langileak pairatzen duen errepresioari eta honek aurrera daraman borrokari ahotsa emango dieten hedabideak sostengatzea eta hauek pairatu dezaketen errepresio ororen aurrean gure babesa ematea. Bide horretan, errepresioari aurre egiteko bidean jarraituko dugu, beharrezkoak zaizkigun baldintzak sortuz eta espainiar zein frantziar estatuek aurrera daramaten errepresioa salatuz eta agerian utziz.