2023ko M3ko JARKI-ren irakurketa

LANGILEON HISTORIA BORROKAZ IDATZIA DA

Urrun geratzen dira Gasteizko 1976ko Martxoaren 3ko gertakariak. Hauek Euskal Herriko langile klasearen historiaren parte izatetik oroitzapenera murriztuak izatera kondenaturik daudela dirudi. Baina denboran aparte daudela diruditen gertakari horiek, oraindik ere, Euskal Herri Langileak pairatzen duen errealitatearen isla dira. Zapalduak eta zapaltzaileak dauden bitartean, langile klasea burgesiak bere odola xurgaturik bizirautera kondenatuta dagoen bitartean, Martxoaren 3a oroitzapena beharrean Euskal Herriko langileon errealitate hurbila izango da.

Inflazioa medio Euskal Herriko langileon soldata erreala egunetik egunera murrizten doan testuinguruan, erraza da soldaten igoera galdegin zuten borrokekin eta hauen testuinguruekin paralelismoak aurkitzea; langile klasearen historiak, bere ondareak, sufrimendu handiz erdietsitako garaipenen bitartez egin baitu aurrera. 1976an, Gasteizko langileen elkartasunak patronalak fabriketan ezarritako mugak gainditu zituen, eta hirian barrena hedatu. Hiri osoko langileak lehen lerroan kokatu ziren, itxuraz batzuentzat izan behar ziren lorpenak guztientzako garaipena zirenaren ziurtasunean elkartasuna josiz.

Bidegabekeriak eta hauei aurre egiteko emandako pausoak ezin dira banan-banan, era isolatuan, ulertu. Hauen izatearen jatorria kapitalak langile klasearen aurka inposatutako errealitatean kokatzen denez gero, antolaketa eta elkartasuna dira garaipenerako lehenengo osagaiak; norbanakoez haratago langile klasearen borrokak izaera kolektiboa duen heinean, antolaketa hau gorpuzteko baldintza delako. Langileok ezin dugulako gure etorkizuna zapaltzen gaituztenen esku utzi, eta ez diegulako hauei ez ezer eta, are gutxiago, zertan baimenik eskatu behar. Edozein langileri erasaten dion bidegabekeriak antolakuntzaren bitartez elkartasuna oinarri duen erantzuna izan behar duelako.

Horrela, kontraboterea izan behar da zapalkuntza kapitalistapean langileok izan behar dugun jomuga eta tresna, Euskal Herriaren kasuan, Euskal Herri Langileak pairatutako klase eta nazio zapalkuntza amaitzeko bidea izan behar den Euskal estatu independente eta sozialista egikaritzearen bitartez gauzatuko delarik. 1976ko Martxoaren 3an bezala, kalera ateratzeko garaia da, antolatzeko garaia da eta, batez ere, langileon garaipenerako baldintzak ezartzen jarraitzea ahalbidetu behar duen kontraboterearen eraikuntzarako garaia da.