2023ko Aberri Eguneko gaueko ekitaldiko JARDUN-en irakurketa

Ez gaude men egiteko prest. Frantziar eta espainiar estatuek Euskal Herria kateekin azpiratuta, lotuta mantendu nahi duten arren, ez gaude inposatu nahi diguten errealitatea onartzeko prest. Ez gaude gure identitateari uko egitera behartzen gaituen zapalkuntza onartzeko prest. Horrela ez dugu indibidualismoa eta kontsumismoa bultzatzen duen sistema hau geure egin eta, are gutxiago, onartuko.

Izan ere, jazarpenaren aurrean bi aukera daude bakarrik: hau onartu eta belarriak jaitsita honi men egin eta, hortaz, gure isiltasunarekin jazarpena eta esplotazioaren konplize izatea; edo bidegabekeriari aurre egin, eta honi konponbidea, aterabidea emateko antolatu eta borrokatzea.

Ez gaitezen engainatu. Jazarpena txakurrek, burgesek, estatuek era aktiboan aurrera badaramate ere, honen aurrean isilik egoteak, honen aurrean ezikusiarenak egiteak, hau sostengatu eta etsaiak Euskal Herriko langileon nazio identitatea suntsitzeko orduan aurrera daraman estrategiari laguntzea inplikatzen du.

Bestalde, eta Aberri Eguna izanda, gaur Euskal Herriko nazio auzia aldarrikatzeko eguna dugun arren, Euskal Herriko nazio auzia klase parametroetan aldarrikatu eta ulertu behar dugu halabeharrez. Izan ere, independentziaren aldarri hutsala motz geratzen da, eta ezin du, inolaz ere, Euskal Herriko langileon beharrizanak bete eta, are gutxiago, pairatzen duten esplotazio egoerari amaiera eman. Independentzia, halabeharrez, sozialismoaren eskutik izango da edo ez da izango. Eta hori argi eduki behar dugun egia da.

Izan ere, langileok fabriketan, lantegietan egunerokotasunean azpiratuta jarraituz gero, gure borroka antzua izango da. Ez baikaitezen engainatu. Iraultza langileok eramango dugu aurrera. Herri honen askapen nazionala langileon eskutik etorriko da, eta behin askapen hori burututa, ezinezkoa izango zaigu hau Euskal Herriko burgesiaren zein langileon etsaien esku uztea edo hauek usteltzea ahalbidetzea.

Euskal Herriko langileok zapalkuntza besterik ez dugu ezagutu gure historian zehar, eta gurea borrokan eraikitako historia da. Estatuen inposizioei aurre eginez honi alternatibak eraikiz eta planteatuz eraikitako historia da langileona. Horrela, borroka hori ez da gurea, guk honi uko egin edota amore emateko. Baina Euskal Herri Langilearen azpirazioak dirauen bitartean, borrokaren parte eta segida izango gara. Hori dela eta, ez ditugu onartuko inposatutako kateak. Frantziar eta espainiar estatuek, euren borreroek zein euskal burgesiak inposatu nahi diguten errealitateari aurre egingo diogu.

Eta errealitatea iraultzeko, honi aurre egiteko, antolakuntza beharrezko faktorea da, garbi eduki behar baitugu inolako antolakunde batek ere ez duela Euskal Herriko langileon askapena bere kabuz erdietsiko. Askapena Euskal Herriko langileon eskutik gauzatuko da, antolatutako eta helburu eta estrategia argi baten pean diharduena. Auzoz auzo, herriz herri, lantegiz lantegi antolatutako Euskal Herriko langileon eskutik. Beraz, antolatu gaitezen, batu gaitezen eta egin diezaiogun aurre frantziar zein espainiar estatuek inposatu nahi diguten errealitateari.

Gora Euskal Herria askatuta!

Independentzia eta sozialismoa!