2022ko Langileen Nazioarteko Eguneko JARDUN-en irakurketa

SOZIALISMOA HELBURU, GORA MAIATZAREN LEHENA!

Covid-19 desagerrarazi dute hedabideetatik eta gure egunerokotasunetik. Aitzitik, horren aitzakipean, Euskal Herriko langileriaren esplotazioan sakondu eta burgesiaren boterea nahiz proiektu politikoa sendotzeko hartutako neurriak desagertzeko baino geratzeko etorri dira. Horren adibide argiena dugu koronabirusaren eraginez zerbitzu publikoetan emandako desmantelazioa, instituzioetatik aurrezte gisa irudikatu nahi izan dutena. Edota bake soziala eta langileon gutxieneko bizi-baldintzak bermatu eta, horrela, kontsumoari eusteko abiarazitako ERTE zein bestelako diru-laguntzak.

Hala ere, lehen izurria zenak, gerrari eman dio lekua Euskal Herriko langileon egunerokotasunean, honen ondorio gisa saldu nahi digutelarik eguneroko ongien, argiaren eta erregaien prezioen igoera. Azken urteetako soldaten zein gutxieneko soldataren igoerak hutsean utzi ditu honek, langileon soldata erreala jaistea eragin baitu honen pobrezia sakonduz, erosketa egitea eta argia ordaintzea oztopo edota ezinezko bilakatuz Euskal Herriko langileentzat.

Horrela, Euskal Herria nazio gisa azpiratuta mantenduta duten, eta hau politikoki ukatzen duten espainiar eta frantziar estatuek egoera arintzeko hartutako neurriak partxeak besterik ez dira, kapitalismoa deritzon gaitzaren aurrean. Izan ere, aipatutako problematikak, Euskal Herriko langileriarentzat zeharo ezagunak diren lanaren behin-behinekotasuna, kontratuen bataz besteko iraupen murritza, langabezia, lan baldintza prekarioak… oro har, langileok, kapitalismopean, gure lan-indarra saltzera kondenatuta egoteagatik erasaten diguten problematika ezberdinei batzen zaizkie. Azken finean, burgesiak edozein egoera baliatzen du bere mozkinak handitzearren langileon esplotazioa mantentzeko eta bere kontura bizi ahal izaten jarraitzeko, haren lepo inguruan soka tenkatzen duen bitartean.

Gauzak horrela, aurreko problematikak ezin ditugu era isolatuan ulertu eta, are gutxiago, landu. Euskal Herri Langileak pairatzen duen azpiratze egoera, zapalkuntza nahiz esplotazio forma guztiei aurre egin eta erantzuna eman behar dien izaera integraleko alternatiba iraultzaileagatik landua izan behar da. Euskal Herriko langileon parte-hartze eta antolakuntzaren emaitza izan behar den alternatiba iraultzailea, bere proiektu politikoaren gauzapenera bidean aritu behar dena. Izan ere, langileok ezin dugu gure bizitza eta etorkizuna gu esplotatu eta jazartzen gaituztenen eskuetan jarri. Langileok ez dugu ezer lortzerik instituzio burgesen eskutik, kapitalismoa ezin baita erreformatu. Honi izaera gizatiar bat emanda, hau zuritzea besterik eragiten ez duen erreformismoan eroriko ginateke.

Euskal Herriko langileon askapena Euskal Herriko langileok antolatutako eta zuzendutako kontra-botere espazioen eskutik etorri behar da, halabeharrez, Euskal Herri Langilearen proiektu politikoaren gauzapenerako alternatiba bakarrak independentzia eta sozialismoa izan behar dituelarik oinarri. Horregatik, maiatzaren lehenean, JARDUN koordinadorak, Euskal Herriko langile klasea egunerokotasunean edozein espaziotan jazartzen nahiz zanpatzen duten errealitateei aurre egiteko, antolatzeko deia luzatzen du. Hamaika borroka baititugu aurrez aurre, baina helburua argia da: independentzia eta sozialismoa.