2022ko Aberri Eguneko JARDUN-en irakurketa

Kapitalismopean langileok bizirautera kondenaturik gaude. Gure bizitzak lanaren eta honetan pairatzen dugun esplotazioaren inguruan eraikitzen ditugu, burgesia lan honen kontura bizi den bitartean. Hori da kapitalaren dinamika. Hori da egun munduan zehar indarrean dagoen sistema ekonomikoaren logika. Horregatik, garrantzitsua da aurrean dugun arerioa zein den argi eta garbi identifikatzea eta seinalatzea; sistema kapitalistak, burgesiak, egunero langileen odola xurgatzeko sortzen dituen beldur eta errepresioa normalizatzen eta zilegiztatzen baititu bestela.

Baina bere herriaren askatasunaren alde 19 urte preso emanda, Frantziako espetxe politika kriminalaren ondorio zuzena den Ivan Colonaren erailketa ez da normala. Jada 800 urte luzez britaniar okupazioa eta zapalketa pairatzen duen Irlanadako herri langilearen egoera ez da normala. 8 urte luzez gerran egon ostean, egunerokotasunean bonbardaketak, erailketak eta sarraskiak bizi dituen Donbasseko herri langilearen egoera ez da normala. Eta askoz ere ankerragoak dira, normalitatetik kanpo geratzen direnak, NATO bezalako instituzio kriminalak nahiz hiltzaileak zuritzeko eta zilegiztatzeko saiakerak.

Testuinguru horretan kokatu behar dugu, errealitate horren baitan ulertu behar dugu, Euskal Herriak bizi duen egoera. Egun gure herria bai Frantziako zein Espainiako estatuen menpe dago. Bi estatu hauek Euskal Herria ez aitortzeaz gain, bere ukazioan oinarritutako zapalketa burutzen dute Euskal Herriko langileriaren aurka. Izan ere, ondo ulertu behar dugu, nazio auzia, estatuek merkatu bateratu bat lortzeaz haratago, langileriak burgesiaren proiektu politikoa sostengatzeko eta babesteko batasun elementu gisa baliatzen duela, jarrera interklasistak sustatuz.

Aurretik aipatutako ukazioa, eta Espainiako zein Frantziako estatuek Euskal Herri Langilearen aurka burutzen dituzten erasoak, estatu nazionalak berezkoak dituen motibazio ideologiko gisa ulertu behar ditugu. Beraz, espainiar eta frantziar estatu kapitalistaren sorreran bertan kokatu behar dugu Euskal Herriaren zapalketa; ukazioaren helburua argia baita, Euskal Herriaren asimilazioa. Horretarako estatuek euskal kontzientzian banaketa eta arrakalak sortzera bideraturiko instituzioak baliatzen dituzte. Eta instituzio hauek babesteko eta burgesiaren nagusitasuna bermatzeko, kolore ezberdinetako txakurrak baliatzen dituzte herri langilearen aurka jotzeko. Alienazioari bide egitearren eta gure identitateari uko egitearren, euskararen aurkako erasoak normalizatzeaz gain, euskal hizkuntza eta kultura egun turismora bideratu nahi duten lurralde baten souvenir bilakatu dituzte; burgesiarentzat dena baita negozioa, gure bizilekuak merkantilizatzeko punturaino.

Gauzak horrela, ukazioa izaera politikoko erabakia denez gero, klase ikuspegia duen izaera politikoz jantzi behar dugu Euskal Herriak bizi duen zapalketa. Argi izan behar dugu Euskal Herria naziotasunari erreferentzia egiten dion izaera politikoko kontzeptua. Hortaz, norrmalizatutako zapalkuntza borrokatu beharra dugu. Bide horretan, Euskal Herriko langileoi geure proiektu politiko propioa eraikitzea dagokigu, eta honi erantzunez osatu beharreko kontraboterearen emaitza izan behar diren instituzio propioez hornitu beharra dugu. Eta horretarako, beharrezkoa suertatzen da Euskal Herri Langilearentzat espainiar eta frantziar estatuekiko apurketa politikoa.

Estatu hauek jazarpenaren zein biolentziaren erabilera eta mehatxua eskaintzen dizkiote herri langileari, langileria burgesiaren mesedepeko morrontzara kondenatzen duen sistema kapitalistaren baitan. Horregatik, aipatutako apurketa politikoa gauzatzeko, konfrontazio politikoa balioan jarri beharreko terminoa izan behar da, Euskal Herriko langileon proiektu politikoa aurrera eramateko. Konfrontazio politikoa, gainera, Euskal Herrian euskal estatu independiente eta sozialista baten erdiespenera bideratutako prozesu iraultzailearen motorra izan behar da.

Horretarako, prozesu iraultzailea muturreraino eraman eta alternatiba iraultzailea elikatu behar duen subjektu politikoa osatu beharra dago. Hain zuzen ere, Euskal Herrian bere lan indarra saldu eta askapen nazional zein sozialaren alde antolatutako langileez osatuta egon behar den subjektu politikoa. Euskal estatu independiente eta sozialista baten erdiespenaren alde diharduen subjektu politikoa. Euskal Herri Langilea ezin baita mugatu sistema kapitalistak baimendutako lan egiteko moduetara. Hauek langileriaren potentzialtasun iraultzailea deuseztatzeaz gain, burgesiaren ideologia sostengatu eta birproduzitzera doaz bideratuta; etsaiak ez baitu, inolaz ere, emateko prest dagoena baino gehiago emango. Burgesiak ez dio, inolaz ere, bere pribilejioei era boluntarioan uko egingo.

Klaserik gabeko gizarte baten bidean eman beharreko prozesu iraultzailea martxan jartzea ezinbestekoa da, langile klaseak botere politikoa eskuratzerako bidean; aurretik aipatutako subjektua, estatu kapitalistarekiko burututako konfrontazioaren bitartez lortuko delarik bakarrik. Konfrontazioan eraikitako kontraboterearen bitartez, zapaltzailearen botereguneak higatu eta esplotatzaileen aurka bere askapena bermatuko duten egitura iraultzaileak antolatu behar ditu Euskal Herri Langileak, prozesu iraultzailean zehar eskuratutako lorpenak bermatze aldera. Euskal Herri Langilearen botere politikoa kontraboterean oinarrituta egon behar baita. Hau da, estatu kapitalistek Euskal Herriko langileen gain duten kontrol eta boterea deuseztatu ahala eraiki eta errotuko da herri langilearen alternatiba iraultzailea. Alternatiba iraultzaileak Euskal Herri Langilearen beharrizanak ase behar dituen osotariko alternatiba politikoa izan behar du.

Hau langileriaren aktibazioaren eta engaiamenduaren araberako borrokak eramateko gai izango dela bakarrik ulertu beharra dago. Hori dela eta, une honetan alternatiba iraultzailea ehuntzen eta eraikitzen joan ahal izateko, borroka ideologikoa eta mobilizazioa sustatzera bideratutako langileon aktibazioa dira lehentasuna; hau lortzeko tresna gisa ulertu behar dugularik JARDUN koordinadora. Azken finean, JARDUN, Euskal Herriko askatasuna irabaziko duten antolakunde eta militanteen antolakuntza sustatzeko helburuarekin sortutako markoa da. Hauek proiektu politiko eta planteamendu estrategiko amankomun baten pean, antolakunde bakoitzak bere ekarpena eremu politiko zehatzetan burututa, baina denak estrategia eta norabide komun baten baitan aritzea baimentzea du helburu.

Jakitun izan behar gara, hau Euskal Herri Langilearen kontzientziazioaren bitartez lortutako aktibazio eta parte-hartze gradualaren bitartez lortuko dela. Prozesu horretan, prozesu iraultzailea bera era gradualean gauzatuko da, Euskal Herri Langilearen Alternatibak unean uneko indar, baldintza eta problematika ezberdinen araberako borrokak aurrera eraman behar dituelarik. Bere lan politikoan sakondu ahala, Euskal Herri Langilearen koordinadoraren baitako parte-hartzea areagotu ahala, antolakunde marko berriak sortu eta integraltasuna eta osotasuna erdietsiz joango da JARDUN, hau lortzeko baldintzak sortzea izanik mugimendu iraultzailearen lehentasuna.

Euskal Herriko askapenaz hitz egiterakoan, sarri aipatutako terminoa dugu autodeterminazioa: autodeterminazioa, nazio bat bere borondatearen aurka beste baten subiranotasunaren menpe dagoenean askotan agertzen den terminoa baita. Baina autodeterminazioaz ari garenean, apurketa politikoan oinarritutako kontraboterearen pean garatutako prozesu iraultzailea aintzakotzat hartuta, ez gara, inolaz ere, Euskal Herria jazartzen duten estatuek markaturiko, onetsiriko eta errazturiko bozketaz ari; nazio bat beste nazio baten estruktura estataletatik banantzeko prozesuaz baizik. Autodeterminazioa euskal estatu independiente eta sozialista lortzeko aurrera eraman beharreko prozesu iraultzailearen sinonimo gisa ulertu behar dugularik, Euskal Herriaren kasuan.

Autonomismoa, estatuek erraztutako hondarrengatiko kudeaketan oinarritutako borroka ez baita aukera bat. Ez da mugimendu iraultzailearentzat mahai gainean dagoen hautu zilegia; honek erreformismoa eta estatuen botere eta azpiratze posizioaren indartzea suposatzen baitute bakarrik, Euskal Herri Langilearen askapenera bideratutako helburu estrategukoei uko egitearekin batera. Hala ere, akats larria izango litzateke, askapen nazionalaren bitartez langileen askapena mekanikoki emango dela sinistea. Hau klase borrokaren baitan ulertu beharra dago, autodeterminazioa bera klase gatazkaren baitan kokatu behar dugularik.

Bestalde, sozialismoaren izenean klase gatazka aitzaki, langileen batasuna argudio gisa baliatuz, nazio auzia ukatu, gutxietsi edota alboratzea, estatu kapitalistek inposatutako nazio zapaltzailearen esparrua onartu eta burutzen duten zapalketa indartzea dakarte. Nazio auziari dagokionez, posizio ezak ere, lege injustuak eta indarra aplikatzen jarraitzeko aukera ematen die frantziar eta espainiar estatuei; Euskal Herriko langileriak pairatzen duen zapalketaren dimentsioa ezkutatzen laguntzen duelarik. Zapalketa baten aurrean isilik egotea, norbere burua neutro posizionatzeak, zapalketa babestea baitakar. Posizio neutroek, botere harreman zapaltzaileek denbora eta espazioan zehar aldaketarik gabe jarraitzea ahalbidetzen baitute, hauek betikotuz.

Bide horretan, independentziaren aldarrikapen hutsak, Euskla Herriko burgesiaren interes eta proiektu politikoari egiten dio mesede bakarrik. Eta Euskal Herrian nazio auzia jorratzen ez duen sozialismoa ukazioaren eskutik doa, klase parametroetan nazio auziaren potentzial iraultzailea ukatzen duelarik. Euskal Herri Langileak pairatzen duen nazio zapalketa dela eta, Euskal Herriko prozesu iraultzailearen emaitza izan behar da estatu independiente eta sozialistaren erdiespena. Alternatiba iraultzaileak independentzia eta sozialismoaren ezinbesteko defentsa burutzeaz haratago, hau Euskal Herri Langilearen posizio politikoaren oinarria izan behar delarik. Euskal Herri Langilearen alternatiba bakarra, independentzia eta sozialismoaren eskutik datorrelako halabeharrez.

Gora Euskal Herria askatuta!

Gora Euskal Herri sozialista!